2012. urte seinalea izanen denaren zantzu espantagarri eta ezinago asaldagarriak hasi gara ezagutzen. Esaterako ETB-1n Basagoiti jauna ikusi genuen "Aita-semeak" kantaita uroski astintzen ( ama alabak ez ziren ziztuan aterako?). Baina zantzu larriagorik ere aditu dugu, hots, Joseba Arregi irakasle eta tertulianoa Estatu Batuetara joan zagu sei hilebetez " ikasteko asmoarekin". Mundualdi honetako alfa eta omegak oro ezagutzen dituen hura ikastera nonbait. Urte erdi sabatiko hau gainditzeko gauza izanen ote gara euskaldunok jainkozko jakintzaz umezurtz? Ez ote gara amilduko depresio intelektualik jasanezinenean J.Arregiren orakulu infaliblea barik?Goiko bi aleen aldean indigena maien munduaren amaieraren iragarpena gauerdiko ahuntzaren irrintzi marrantatsu bat besterik ez da.Bai jaun-andreok, munduaren akabua laster da eta halaxe iragarri zigun gure sakandar aztirik underground-enak, Morkots arkatz zorrotzak, hain zuzen.Babilonia eta Armagedon berriak nonahi Morkotsek halako Apokalipsi txukun eta idilikoa irudikatzen digu. Berain mendiaren gibeletik, Txurregi aldetik edo, kezko seinaleak lausotzen dira Sakanako zeru gainean Nafarlipsia iragarriz.Baina errealitatea gordina da. Nafar Gobernuak berriz euskalizidioari ekin dio, oraingoan hedabideak eta EHEkoak lumatuz. Foruzainei Burundan euskaraz zuzentzea desobeditzea omen. Halako zuzenbide zuzengabea!! Eta bi altsasuar atzera Madrilen, Auzitegi Nazionalak umoreari amorru zitala jaurtiz. Bitartean berriro ere erreserbako nafareuskaldunek ke seinaleen bidez, aldez edo moldez irautea helburu, 1986an bezala.