Ezintasuna duen gazte baten amona eta Sakanako Ezinduen elkarteko boluntario naizen aldetik, ondokoak omendu nahiko nituzke ondorengo lerroetan: Sakanan ezinduen egoera hobetzeko borroka egin duten familia guztiak; hainbestetan ateak itxi dizkieten arren, inoiz amore eman ez duten gurasoak; beraiek ere bizitza dutela ahaztu eta beren seme-alabek, ahal duten neurrian,beste edonoren eskubide eta aukera berberak izan ditzaten dena ematen duten borrokalariak. Ez dezagun ahantz jasotzen dutena baino gehiago ematen dutela pertsona hauek. Beraiekin egoteak pertsona modura aberastu egiten zaitu, eta gauzak beste era batera ikusarazten dizkizute. Honek aurrera egiteko lan egiten dutenei eskerrak eman nahi nizkieke. Eskerrak beren denbora librea eskaintzen duten eta irribarre batekin nahikoa duten boluntario gazteei. Eskerrik asko. Eta gobernuei, instituzioei, enpresei, kolaborazioa eskatuko nieke. Ez dezagun ahantz eskubideak dituzten herritarrak direla. Beraiek ezin badute borroka egin, guk geuk borrokatzen jarraituko dugu.