Atrebentzia ez bada, oraingo honetan lehen egunean bizi izan nuen pasarte bat luzatu nahi nizueke, eta harekin batera, muinean dakarren gogoeta. Klik!Casamance (Senegal) deitzen da lekua, eta bertako haur nahiz gazteak izan dira hura gurera hurbiltzeko gai. Bideo kamara batzuez lagunduak, beraien komunitatea ezagutarazi digute erreportaje labur baten bidez, eta neure kasuan behintzat, baita lortu ere; begiak dir-dir nituelarik txalotu bainuen bukaera. Klik! Atzerrira joaten garenean, geure argazki kamerez eta bideo kamerez hornituak abiatzen gara, edozein paisaia, herri nahiz hiri, pertsona edo pertsonaia, pasarte edota bizipen, betirako grabatuak, irudikatuak, izoztuak geratuko diren itxaropenez . Makina bat aldiz, makina eskutan dugula, sakatzen dugu botoia, irudi perfektu hori ehizatu nahian. Gehiengoak behintzat, gehienean, kale! Ezabatu eta saiakera berria. Tartean naturaltasuna zer den ere ez dakien irribarre bati eutsi beharra. Klik!Aldiz, Casamancera abiatu ziren lagunek bestelako proposamen bat zuten. Bertakoei eman zizkieten kamerak, beraien begiez, beraien begiradez, beraien begiratzeko moduez irudika zezaten beraien herria. Eta emaitza guztiz da liluragarria, ikusleari haiek ikusten ari direna ikusteko aukera luzatzen dietelako, soilik denbora emanez. Denbora. Erreportajean ikuslea ez da etengabeko irudien jario zaratatsu baten biktima, baizik eta bizitza ikusteko modu baten testigu, oharkabe pasatzen den guzti horren testigu. Bertakoen begirada da erreportaje labur horren funtsa. Kameraz bestalde dagoen ume horren begiak ikusten dira hark ikusten dituen arrozaletan. Klik!Argi dugu guk, munduko zati honetan jaio garenok, nola ikusten dugun mundua, tartean Afrika. Baina, galde egin al diegu Afrikarrei nola ikusten duten haiek haien lurra? Ba al dakigu nola begiratzen duten? Klik!