Lanera noa goizean. Neguko hotza sentitu dut eguzkia irten baino lehenagoko goiz ilunean. Irratia piztu eta esaldi filosofiko potente bat entzun dut kotxea arrankatzerako: bizitza atzera begiratuz ulertu behar dela, bizi ordea, aurrera begiratuz bizi behar dela. Hitz hauek gogoetarako beta eman didate errepide iluna igaro bitartean. Historiak erakusten digu nola errepikatu ditugun beti akats berak, beti gure nahi eta desiren menpe geratu dira gure aldatzeko saiakerak. Hala ikusi dugu kapitalismoaren historia luzean, edo herrien arteko guda eta borroka amaigabeetan ere. Iraganari begira gure akatsen errepikapena baino ez dugu ikusiko.Esan bezala aurrera begira, etorkizuna aurrean dugula bizi behar omen dugu. Iraganeko akatsetatik ikasi dezakeguna probestuz, baina etorkizun hobe bat izango dugulako itxaropenean. Izan ere, itxaropenaren ilusio gabe, bizitzaren bidean inoiz iristen ez den helburu baten bila baino ez gara ibiliko. Bidean pasatu duguna galduko dugu, asteburuaren zain bulego edo tailerrean orduak sartzen dituenaren antzera, bizitzaren erdia baino gehiago haizeak eraman duela konturatuko gara.Iritsi naiz dagoeneko lanera. Eguneroko bidean galdutako denbora eta kilometroak zerbait erakutsi didatela pentsatu behar. Aurrera begiratuz kontratu amaiera noiz iritsiko den zain nagoen bitartean, bizitza momentuan biziz, egunez egun lortzen duguna disfrutatuz pasa beharko ditut orduak.