GAURKO ERABAKIA, BIHARKO AUKERA

Hizkuntz Eskubideen Behatokia 2012ko ots. 10a, 00:00

Urtero ohi denez gure belaunaldi gazteenak matrikulatzeko epea iritsi da, ardura handiko lana izaten da, gure seme-alabak eta etorkizun hurbileko hizkuntza eta hizkuntzak marraztuko ditugulako. Zoritxarrez, hizkuntza-eskubideak bermaturik ez dituen herritarrendako  matrikulazioa tramite hutsa izatetik edukiz betetako ekintza bilakatu da.Nafarroako Gobernuak atzerriko hizkuntza ikastearen inguruan egindako irakurketa maltzurrak euskarari kalte egin dio. Hizkuntza bat eta beste kontrajarriz, euren seme-alaben bizitzan erabaki garrantzitsua hartu behar duten gurasoak ataka zailean jartzen ditu.  Gure ustez, uztargarriak dira euskalduntze maila egokia izatea eta beste hizkuntza batzuk ikastea; bai, hori bai, irakats hizkuntza euskarak izan behar du. Euskaraz bizitzea da gure helburua eta horretarako ezinbesteko baldintza da herritarrek euskara ezagutzea eta erabiltzea. Sakanako herritarrek eta konkretuki, Sakanako haurrek, euskara ikasteko eta euskaraz ikasteko eskubidea dute eta hori bermatu egin behar zaie.  Azken urteotan agerian geratu da euskalduntzen duen eredu bakarra D eredua dela. Gaur gaurkoz eredu horrek soilik bermatzen du ikasleak euskaraz bizitzeko aukera izatea.  D eredua da ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko ereduari gehien hurbiltzen zaiona. Sakanako bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, ikasteko aukera eman dezakeen bakarra.Ados bagaude adin horretan umeek egundoko erraztasuna dutela hizkuntzak ikasteko, eta denok ados bagaude zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta hobe izanen dela umearentzat, garbi dago gaurko erabakia biharko aukera izanen dela. Euskararen etorkizuna gure esku dago. Euskaraz bizi nahi dugula etengabe adieraziz eta momentu oro horren aldeko erabakiak hartuz egingo diogu gure hizkuntzari behar duen lekua. Izan ere, D ereduaren alde egin duten gurasoek euren seme-alabak euskaraz bizitzea nahi dutela adierazi dute.