Sartu den urterarekin batera gurekin hamabi urte daramatzan jai busa ere martxan jarri da Sakanako herrietatik zehar. Zerbitzua hobetzeko eta gazteen iritziak kontuan hartzeko urtero bezala 2011ko jai busaren balorapen bat egin da gazteei pasatu dizkiegun inkesta batzuen bidez. Aipatu beharra dago inkesta hauek azkeneko hiru festetan pasatu zirela joateko bidaietan, beraz, erabiltzaile horien iritziak isladatzen dira bertan. Inkesta hauek joateko bidaietan egiteak eragozpen bat dauka, jai busa soilik etxera bueltatzeko erabiltzen dutenen pertsona helduagoen erantzunak jaso ezin izatea alegia. Badakigu jai busa erabiltzen dutela, arduradunek betetzen dituzten balorazio orriek beren adinak isladatzen dizkigutelako. Honek esaten digu zerbitzua finkatzen doala eta gida-baimena duten helduek gero eta gehiago erabiltzen dutela jai busa etxera bueltatzeko gaueko zenbait ordutan. Hona hemen inkestek isladatu dituzten emaitzak: Sexuari dagokionez erabiltzaileen %44 emakumezkoak dira, %56, berriz, gizonezkoak.Adin tartea kontuan hartuta jai busa gehien erabili dutenak 15-20 urte bitarteko gazteak izan dira, eta 17 urtekoak dira gehien erabili dutenak. Inkesta bete duten %58k beti erabiltzen dute jai busa (%50 emakumeak dira eta %50 gizonezkoak). Askotan erabiltzen dutenen portzentaia %35 da (%71 gizonezkoak eta %29 emakumezkoak). Gutxi erabili dutenak %7 izan dira (%75 emakumezkoak eta %25 gizonezkoak).Jai bus erabiltzaile gehienen ustetan zerbitzua ona eta oso ona da, eta ideia on eta zerbitzu egokitzat jotzen dute. Askok uste dute errazten duen zerbitzua dela eta ez gidatzeko alternatiba zuzena dela. Pertsona gutxiren ustetan zerbitzu garestia da.Zerbitzua hobetzeko honako proposamenak luzatu dizkigute: jai busa ordu gehiagotan egotea, autobus gehiago egotea festa bakoitzean, festa gehiagotan jartzea, merkeago eta dohainik izatea eta ordutegia betetzea. Proposamen hauek gogoz entzuten baditugu ere, arrazoi ekonomikoak direla eta zaila da puntu hauetan nahi izango genituzkeen aldaketa edo aurrerapausoak ematea. Bide batez erabiltzaileei eskerrak eman nahi dizkiegu jai busarekiko duten jarrera egokiagatik.