Urte berriarekin batera estreinatu dugun 1512ko konkistaren urteurrenak oihartzun handia izan du. Nafarroaren subiranotasun galera ospakizun aitzakia da batzuentzat, ondorio nekezak eragin zituen ekintza erdaingarria besteentzat. Zalaparta guzti honen erdian, erraza da sinplifikaziotan erortzea; aitzitik ohitura osasuntsua da gauzak bere testuinguruan kokatzea. Nafarroaren konkista ez zen ekintza isolatua izan, 500 urtez luzatu zen prozesua baizik.Sakanan esaterako, hiru mende lehenagoko gertaerek bailararen izaera eraldatu zuten. 1198an, Gaztelako Alfonso VIII.ak eta Aragoiko Pedro II.ak Nafarroa banatzea erabaki zutenean, erresuma baskoiak Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Durangerria galdu zituen. Burundako bailara erresumaren muga bihurtu zen, "gaizkileen muga" izenez ezaguna egingo zen eremu ezegonkorra. Gaztelarren eta Gipuzkoarren erasoengandik babesteko, 1208an Antso VIIak, Azkarrak, foruak eman zizkien Burundako herriei eta Iruritako eta Ziordiko gazteluak eraiki zituen. 1312an gotorleku militarra eraiki zen Etxarri Aranatzen, Aranazko herrixkak babesteko, eta pixka bat beranduago Lakuntza eta Uharte Arakilek hiri gutunak lortu zituzten. 1200eko konkistaren ondorioz Sakanako korridorea zonalde gotortua bilakatu zen Ziordiko, Iruritako, Etxarri Aranatzeko, Arbizuko, Uharte Arakilgo, Aixitako eta Orraregiko gotorlekuen babespean.2012an nafar Estatuaren ibilbidea eten zuen gertaera gogora ekartzea zilegi da, baina ez ditzagun honen aurretik eta ondoren gertatutakoak gutxietsi. Historia bere osotasunean behatzea da herri honen egungo errealitatea ulertzeko modu bakarra.