Odoljarioa edo hemorragia esaten zaio odol hodiak apurtu eta horren ondorioz odola irteteari, bai gorputzaren barrualdean, bai gorputzetik kanpora ateratzen bada ere.Larritasuna, galdutako odol bolumenaren araberakoa izango da: zenbat eta odol bolumen gehiago galdu, biziari eusteko arrisku gehiago.Odoljario baten seinalerik garrantzitsuena kontzientzia egoeraren alterazioa (konortea) edo bihotz nahiz arnas maiztasunaren alterazioak dira, abiadura eta sakontasuna aldatzea alegia. Odoljarioa oso larria duen pertsona bat hil ere egin daiteke, pultsurik gabeko erritmo elektrikoan eta, beraz, bihotz biriketako geldialdian eror daitekeelako.Zauriaren ondorioz odoljario baten aurrean bagaude, odola nola irteten den begiratu behar da beste ezeren aurretik. Eskuak garbitu ondoren, hemorragia etetea izango da gure lana. Horretarako hesagailuak jarriko ditugu odoljarioaren gainean presioa eginez. Horiek odolez bustitzen badira, ez ditugu kenduko, gehiago jarriko ditugu gainean. Gure helburua, presioaren bidez, zauria itxi eta odoljarioa etetea da. Jarritako hesagailuak kentzen baditugu berriak jartzeko, zauria berriro ireki eta odoljarioa hasieran bezala izango dugu. Hurrengo pausoa zauria altuan jartzea izango da, irudian ikusi dugun bezala, kasu honetan besoa gorantz igoko dugu presioa egiten dugun bitartean.Azken pausoa presio digitala izango da. Zauritik gertu dagoen odol hodian presioa egingo dugu, horrela odola mantsoago joango da eta odoljarioa etetea lortuko dugu. Odol isuria ugari izanez gero eta ezin badugu kontrolatu, 112 telefonora hots egingo dugu laguntza eske.Barruko odoljarioetan, gaixoaren arropa lasaituko dugu, gaixoa estaliko dugu berotasuna mantentzeko. Ez diogu edateko ezer emango eta shock-aren kontrako posizioan jarriko dugu (hankak goraka dituela). Kotoia nahiz alkohola ez ditugu inoiz erabiliko zauriak garbitzen ditugunean. Ez ditugu ez pomadak ez antibiotikoak erabiliko. Zaurian iltzaturik dagoen objekturik aurkitzen badugu, ez dugu inolaz ere kenduko. Tetanosaren arriskua ez da ahaztu behar. Horregatik, egiaztatu behar da txertaketa aspaldikoa den ala ez, eta sendagileari aipatu beharko diogu.Epistaxia edo sudurreko hemorragia Sudurreko odoljarioa hainbat faktorek eragiten dute: kolpe bat, alergiak, doministikuak, atzamarkadak...Sudurreko odoljario baten aurrean aurkitzen bagara, laguna lasaituko dugu, esertzeko eskatuko diogu burua aurrerantz jarriz, ateratzen den odol jarioa ikusteko. Ahotik arnasteko eskatuko diogu. Bide batez, bi behatzekin presioa egingo dugu sudur erdialdea, hemorragia eteteko, hamar bat minutu egongo gara presioa egiten. Odoljario soil bat bada, hamar minutu ondoren konponduta izango dugu arazoa, baina hamar minutu ondoren odoljarioak hasieran bezala jarraitzen badu, berriro errepikatuko dugu azken pauso hori. Odoljarioa eteten ez badugu, 112 telefono zenbakira hots egingo dugu laguntza eske.Odoljarioa eten bada, sudur kanpoaldea garbituko dugu.Ez dugu inoiz egingo:- Burua atzealdera bota odola ez irteteko.- Sudurzuloak bai gasa edo eta kotoiaz estali. Osasun etxean ohiko den praktika hau, ez dugu erabiliko lehen sorospenetan. Presio bidez lortu behar dugu odoljarioa etetea.- Indarrez zintz egin, ez baitu batere laguntzen.