Ozen iragarri dute pentsioa %1 igo digutela. Krisia modako hitza den honetan, badirudi jubilatu eta pentsiodunok salbatu nahi izan gaituztela. Baina galderaz josita uzten gaitu iragarpen horrek: parekatzen al da saskiaren igoerarekin?, IRPFren igoerarekin non gelditzen da %1 hori?, zer diru galera eragin digu iazko izozketak?, zenbat jubilatuk jasotzen du miseriazko pentsioa?Gure diru-zorroak esaten digu aurten askoz pobreago izango garela: bizi-kostua gutxienez %2,5 igoko da, iazko izozketak %2,5 pobreago egin gintuen, IRPF delakoak 1,5 pobreago eginen gaitu, gure gastu-gaiak garestituenak dira. Beraz egunerokoak gutxienez %5 pobretu garela esaten digu. Pentsioen bataz bestekoa 915 eurokoa da: pobreziaren mailatik beherakoa teknikoen esanetan. Bataz bestekoa izanik, hortik beherako pentsioa dutenak milaka asko dira, miseriazko pentsioa jasotzen dute. Are okerragoa da oraindik alargun-saria jasotzen duten emakumeen egoera.Adinak erakutsi digu gauzak bere izenez izendatzen: langile ginenean esplotatu gintuzten, jubilatu ondoren berdin jarraitzen dute, pentsioak gutxitzea atraku bat da. Gure ahal mugatuan, gure pentsioak borrokatuko ditugu, guk geuk irabazi genuen gure pentsioa eta, defendatu eginen dugu, biziraupenaz gain, duintasuna dago jokoan. Otsailaren 21ean Irurtzungo plazan elkartuko gara, Martxoaren 14an Altsasuko Iortian, eta 26an Etxarriko plazan, Gero eta pobreago lemapean.Egia da pentsioa %1 jaso digutela, baina gezurra da pentsioak hobetu direnik. Hizkuntzaren amarrua. Erbitzat eskaintzen digute, katua besterik ez dena. Ez gaitzatela engainatu.