Bihar Portland-ek Landa garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Batzordearen aurrean egingo duen ezohiko agerraldia, azken aldian taldeari prezioak adosteko eta merkatua banatzeko leporatu zaizkion gertaerak direla eta multinazionalak duen bere irudia garbitzeko premia larriak bultzatua da.Baina bada beste pisuzko arrazoi bat ere; inguruko ia udal guztien, herritarren gehiengoaren eta besteak beste abeltzaintzaren, nekazaritzako elikagaien eta turismo sektoreko erakundeen ezetza jaso ondoren, atzera berriz ere proiektua abiatu nahia.Argi dago, jaso duen arbuio horren ondoren, ezingo lukeela aurrera jarraitu Nafarroako Gobernuaren babesik gabe, azken honek horrela, Nafarroako Hondakin Planeko Energia Balioztatzeko Planta kokatzeko duen arazoa konpondurik ikusiko luke eta.Orain, eskualdeko udalen eta herritarren oniritzirik gabeko proiekturik ez zuela inposatuko emandako hitza ez bete ondoren, atzera egiteko eta bere jarrera itxuraldatzeko garaia heldu da eta hori atzerabiderik gabeko eta xantaian oinarritutako gezurrezko adostasunaren diskurtsoa berreskuratuz egingo du.Bere ikuspegitik denona den arazo baten aurrean gaudenez (bere bideragarritasuna), eta erantzukizuna guztion artean banatu ondoren, orain "akordioa", "adostasuna" eta "hiruko jarraipen batzordea" eskaintzeko prest agertuko zaigu.Akordioa eta adostasuna, horixe, baina erretzeko ( "jarraipen batzordearen eginkizuna, fabrika honek duen balioztatze proiektuaren etorkizuneko jarduera ildoa zehaztea da"). Horixe da lehen proposatu zutena eta orain ere egingo dutena. Prozedura berbera erabili dute taldeko beste planta batzuetan, Mataporqueran (Kantabria) edo Lemoan (Bizkaia) eta hauetan ere errausten ari dira herritarren eta gizarte-eragileen iritziaren kontra.Ez dute eskualdean bizi diren pertsonen eta bertako ordezkarien borondatearen errespetuan oinarritzen den benetako akordiorik nahi (nahiz eta hau egingo zutela hitz eman), . Hemen ere, herritarrek eta erakundeek arazoaren muina argi ikusi eta zalantzarik gabe, guztion ongizatearen alde jokatu dute, lehenago Tuteran edo Tafallan horrelako hondakin balioztatze jarduera baten aurrean egin zuten bezalaxe. Han Erdialdeko Garapen Partzuergoa bera eta orain Sakanan jarduera hau martxan jartzearen alde dauden alderdietako ordezkariak ere aurka agertu ziren.Eta guk geure buruari galdetzen diogu, ... Sakanan hirugarren mailako herritarrak al gara? Jarduera hori beste inon ere ez bada ona, akaso Olaztin bai?Sakanan, 2012ko otsailaren 21ean