Nori ez zaio inoiz gertatu lekuren batean gaizki tratatua izatea? Edo lankide batek egunero izorratu nahi izatea? Edo pertsona batengandik iraina jaso eta zeharo blokeatua gelditzea? Edo nork ez ditu irain horien aurrean izugarriak esan, kontrola galduz?Hauek guztiak eta gehiago egunerokotasunean gertatzen diren egoerak dira. Gauza da pertsona batzuek ez dakitela beraien burua defendatzen eta besteek gutxietsi ditzaten uzten dutela, errespetua galduz. Ez dakite limiterik jartzen eta ondorioz, beren jokaerarekin gaizki sentitzen dira, beraien auto-estima gutxituz. Kontrakoa ere gerta daiteke; "zezentxo" baten izaera azaltzea eta aurreko egoeren aurrean gogor eta bortizki erantzutea, norbere buruarekiko kontrola galduz. Beste batzuetan, gerta daiteke, beharrezkoa ez den egoeratan eta probokazioei erantzunez, alferrikako energia galtzea. Orduan zer egin? Nola jokatu?Lehenik eta behin, egoerei aurre egiteko helburu xumeak finkatu behar ditugu. Pertsona baten irainen edo iseken aurrean erantzun "bikain edo aparta" bat-batean ematen ikastea oso zaila da. TB-tako telesailetan azaltzen diren erantzun "magikoen" atzean gidoilari asko daude lanean; geure bizitzan, berriz, bat ere ez. Beraz, "eskakizunak" jaitsi beharko genituzke. Hainbat teknika daude egoera hauei aurre egiten ikasteko; horiek "gizarte trebetasunak" lantzen dituzten liburuetan ikas daitezke, gure ingurunean trebetasun horiek erabiltzen dituzten pertsonengan arreta jar genezake, edo ikastaro batean parte har genezake. Azkeneko hau liburu bat irakurtzea baino aberasgarriagoa eta eraginkorragoa izan daiteke, ikastaroan, beste ikaskideekin eta profesional baten gainbegiradarekin, beldurra ematen dizuten egoera ezberdinak praktikatu ditzakezulako eta egokien iruditzen zaizun teknika bereganatu dezakezulako.Bukatzeko, kontuan izan pertsonak garela eta mugak dauzkagula; hau da, ezinezkoa izango dela bizitzan azaltzen zaizkigun egoera guztiei ondo erantzuten jakitea, egoera guztiak ezin ditugulako kontrolatu eta, pertsona bezala, inperfektuak garelako, bai gu,baita besteak ere. Hau guztia jakiteak gure burua erlaxatzen lagunduko digu, ondorioz lasaitasuna eta bakea gure egunerokotasunera ekarriz.