Ezagun?

Zoila Berastegi 2012ko mar. 16a, 00:00

Urrutitik. Lau pareta. Leiho bat. Ohe bat. Konketa bat. Komun bat. Mahai bat. Aulki bat. Ate bat.Gerturatuz. Lau paretak. Leihoa. Ohea. Konketa. Komuna. Mahaia. Aulkia. Atea.Gertutik. Iloba biren aurpegi irrifartsuak tinko eusten dituen argazki bat pareta batean. "Arrazoiaren ametsak munstroak sortarazten ditu", letra kaxkarrez itzalpean idatzia duen beste pareta bat.  Urteen joan etorrian  ahaztua geratu den pareta bat, aurrekoari eskutik. Eta etsipenez negar egin duten eskuen testigu izan den laugarren pareta. Guztiak bihozgabetasunez eraikiak, elkarlotuak, kondenatuak. Hotz. Heze. Zikin. Mutu. Zurrun."Bihar ere argituko du" dioen leihoa, "ez" ihardesten duten barrak. Goian, oso goian... leihoa. Bakarra, txikia, lotsatia, goibela, xumea. Goian, oso goian, egunsentiarekin bat egin nahiean balebil bezala, goian, oso goian, leihoa. Begi irekiek amets egiten dutela dioten malgukiz jositako ohea. Besarkadarik ezagutzen ez duena, ez eta larru biluzien aienerik. Soilik loak lasaitzen duena, zertxobait, zertxobait bada ere... loak. Behin izandako etxe baten oroitza den konketa eskuinean. Hanka bakarraren gainean egoteaz aspertzen ez dena. Tinko. Eutsi. Keinutik, begietatik bezala, ihes egiten duten malkoak kexurik gabe irensten dituen eztarria. Eskuinean konketa. Haren alboan, kuxkurtua, erreumak jota, komuna. Kaka. Kaka zaharra. Denbora ihesi doa, guztia ihesi. Kaka ere ihesi, zulotik behera. Kaka. Zaharra. "Hemen guztiok ondo gaude. Ikerrek lana aurkitu du eta Maitane maitemiñak jota dabil. Amona zutaz oroi, zu berriz noiz besarkatuko zain. Denok bezala. Eta zu, zer moduz?...". Mahaiak irakurtzen du, ixilean, ahotsaren ordez korapiloa txertatzen denean eztarri zuloan.Aulkia da gorputza, modu txukunez elkarloturiko hezur sorta hori, eusten duena. Eta harekin bihotza. Eta azkenik atea. Sarrailadun atea. Gorra eta itsua. Itxia, kolpe batez itxia. Eta giltza? Non dago giltza?