Gaur ez dut albiste txarrez hitz egiteko gogorik. Arazoak baino ez zaizkigu planteatzen aspaldian. Ez dut ezkortasun orokorrean erori nahi. Udaberriaren esnatzeak eguna luzatzen digu gure azalak jasotako erradiazioak serotonina dosia igo eta umorea berpiztuz. Gure bizileku natural paregabe honetan irekitzen zaizkigun loreen edertasun eztian murgiltzen dira zoko guztiak.Arazoak saltzen dizkigutenei esan beharko genieke, dena ez dela iluntasun tokatu zaigun bizitza honetan. Konponbideak saltzen dizkiguten horiek ez al dira arazoak saldu zizkigutenak? Ez al dugu haien esana baino bete, haiek luzaroan ardi moduan tratatu gaituzten arren?Sistemaren motorra izorratu eta erre den honetan, erregaia botatzen jarraitzeko esaten digute etengabe. Akaso ba al dago zeharo herdoildutako ibilgailu zikinari gasolina botaz oparotasunera eramango gaituen esperantza duenik? Gurea tokatu zaigu, baina gure esku dugu nola bizi tokatu zaiguna. Gu kikiltzen saiatzen dira, gu izutzen, haien eskuetan eror gaitezen salbazio bila. Euren hitzak sinestarazi nahi dizkigute, haien lidergoak zulotik aterako gaituela pentsa dezagun. Baina haiek ez dute salbazio biderik, beren gurpil zaharrean etengabe bueltak ematen jarraitzea dute helburu, ustekabean gurpilaren ardatza puskatu arte, erregaia eta indarra emango dien Herria odolustu arte. Gure esku dago beldurra garaitu eta bizitza beste begi batzuekin ikustea.