Euren borondatearen kontra, (ez dugu orain eta hemen Nafarroako Gobernuaren jokabide maltzurra aztertuko) notizia izan dira euskarazko komunikabideak azkeneko egun, aste eta hilabete luzeetan. Baita Sakana aldekoak ere. Euskararen erabileran eragiteko sortutakoak dira Guaixe eta Beleixe eta, urtetako ahaleginaren eta ibilbidearen ondotik, esan dezakegu ezinbesteko bilakatu direla euskararen normalkuntzaren bidean, hurbileko informazioaren bidez euskaraz irakurtzeko tresnak eskaini baitizkiote Sakanako jendarteari. Jatorrizko euskaldun eskolatuek beren inguruan sortzen diren berriak normal-normal euskaraz jasotzen dituzte, euskaraz irakurtzeko batere ohiturarik ez zuten jatorrizko euskaldun eskolatu gabeek euskaraz eta gertuko dituzten gauzak euskaraz irakur ditzakete; irratia euskaraz entzuteak ahozkotasuna lantzeko aukera eskaini die beste batzuei.... Finean, ohitu egin dute jendea euskaraz irakurtzera eta euskara entzutera. Sakandar euskaldunak (zahar, gazte eta haur) euskarazko prentsara hurbildu dira eta euskara ohiko hizkuntza bihurtu dute. Irakurleen eta entzuleen gertuko informazioaren egarria ase dute eta, gaur egun, herriko eta eskualdeko informazioa jasotzeko erreferentzia nagusia dira, normaltasunez erabiltzen dutelako herritarren artean mota guztietako gaiak eta berriak. Sakanan euskara bizirik nahi dugunaren seinale dira komunikabide horiek. Horretan ez dago zalantzarik. Zalantza komunikabide hauen etorkizunean dago. Itotze dinamika antolatuak eta planifikatuak etorkizuna kinka larrian jarri die. Guaixe eta Beleixe gabe euskaraz bizitzeko aukera gutxiago dugu. Ondorioak latzak izan daitezke. Ondorio horiei aurre egiteko gakoa Sakanako herrietako udalen esku hartzearen eta herritarren erantzunaren esku dagoela esatera ausartzen gara.