Nafarroa eta Gaztelaren arteko gerrak 5 mende luze iraun zituen, tartean nolabaiteko tregua garaiak izan zirela. Atapuercako batailarekin hasi (1054) eta Albako dukearen inbasio arte (1512), Gaztelak ezarritako presio militarra etengabea izan zen. Nafarroak subiranotasunari beste mende batez eustea lortu zuen, Pirinioen bestaldeko eremuan. Gerra luze honen ondorioz Nafarroa lur eremua galduz joan zen, hartara barne muga berriak sortu zirelarik. Muga hauek - historiaren bitxikeriak - gaur egun arte mantendu dira. ‘Gaizkileen muga’ hain zuzen ere, gure iraganeko pasarte bat da, eta baita honen ondorio ere. 1200eko konkistak gaur egun dagoen tokian ezarri zuen muga berria. Egun Nafarroa Garaia eta Gipuzkoa banatzen dituen lerroraino heldu zen erresuma baskoiaren lurralde galera. Aurretik existitzen ez zen banaketa lerroa finkatzeko, Gaztelak hiribilduak sortu zituen (Tolosa, Ordizia, Hernani, Segura, eta baita Agurain, Kanpezu, Haro...ere) eta familia boteretsuak armatu eta haien oldarraldiak babestu zituen; Lazkanotarrak, Oñaztarrak, Berastegitarrak... Muga gertaera kriminalen eszenatoki bihurtu zen: erasoak, harrapaldiak, lapurretak, heriotzak, soldaduak, bidelapurrak... Hauetako pasarte batzuk ahozko memorian eta literaturan iltzatu dira: Beotibarreko bataila, Gorritiko gazteluaren erreketa, Ausako gazteluaren suntsiketa, Sakanako lapurreta eta bidegabekeriak, nafarren mendekua Lazkano familiaren aurka, Hernaniren aurka, Seguraren aurka... Gaiztakeriaz beteriko 300 urte bizi ziren aurretik existitzen ez zen muga artifizial honetan.