Beste urtetan bezala, maiatzaren 27an mendi martxa bat egingo da Ausa mendira. Bertan zegoen nafar gaztelua, ‘gaizkileen mugan’ kokatua, hamaika liskar eta pasarte ilunen eszenatokia izan zen Erdi Aroan. Aralarreko mendi hegalak gudu zelai bihurtu ziren Gaztela eta Nafarroaren arteko guda eta Ipuzkoako jauntxoen oldarraldiei esker. Jatorrian bederen, leku hark ez zuen inongo zona estrategikoren zantzurik. Ez du muga naturalik osatzen, euskal lurraldeen erdigunean dago eta inguruetako biztanleek hizkuntza, kultura eta usadio berdinak dituzte. Baina 1200eko konkistak Burunda eta Aralarreraino bultzatu zuen erresuma baskoiaren muga lerroa. Garaipenaren ondotik Gaztelak jazarpen politika bati ekin zion nafar erresumaren aurka. Hiribilduak sortu zituen muga lerroan zehar (Tolosa, Hernani, Segura, Agurain, Kanpezu...), eta familia boteretsuenak xaxatu zituen gerra jauntxoak bihur zitezen: Lazkanotarrak, Oñaztarrak, Berastegitarrak... Ausako gaztelua familia hauen gehiegikeri eta harrapakeriei aurre egiteko gotorlekua izan zen. 1335ean Lazkanoko jaunak Ausa eraso zuen, gotorlekuaren kokapenak Sakanan harrapakerietan ibiltzea eragozten ziolako. Gazteluko merio zen Ladrón de Gebarak gotorlekuaren babesa bertan behera utzi eta alde egin zuen. Zigor gisa, kargugabetua izan zen eta bere ondasunak galdu zituen. Gaur egun Ausa gure herriaren oroimen lekua da: gure iraganaren eszenatokia, gure historiaren gakoak oroitzen laguntzen diguna. Ausa Gaztelua bisitatzerakoan izan ginena ezagutzeko aukera dugu. Jakin dezagun zer gertatu zen eta zeintzuk diren gure sustraiak. Erabat desitxuraturik eta ezkutaturik dauden sustraiak.