Roberto Jimenez Tafallaldean aurrikusitako hondakinak balioztatzeko planta baztertzetik, FCC multinazionalari Nafarroan soilik aplikatuko den ezohiko prozedura bat hasteko proposamena luzatzera pasatu da, PSIS delako bat alegia (Udalaz gaindiko proiektu sektoriala), horrela hondakinak errausteko bere proiektua Sakanan inposatu ahal izateko. Honek argi adierazten du hemen Nafarroako beste eskualde batzuetan bezala hondakinak ez erretzeko sakandarren borondatea aintzat ez hartzeaz gain, Olaztiko Udala ere parte hartzeko eskubiderik gabe utziko dutela, nahiz eta bere udal araudiek hondakinak erregai moduan erabiltzea onartzen ez duten. Sakana osoaren kontrako beste oldarraldi bat, udal autonomiaren aurkako eraso larria, eta guztia multinazionalaren gose nahia asetzera bideratua.Onartu ezin den ekintza baten aurrean gaude, inolako begirunerik gabe Sakana eta bertako biztanle guztiak zigortu eta hondoratu nahi dituzte; gainera, Araba eta Gipuzkoako auzokideek ere ondorioak jasango dituzte. Gizarte osoa inplikatzeko garaia da. Guztiok norabide berean indar egiten badugu, guztiok eragingo gaituen basakeria hau geldiaraztea lortuko dugu.