Hirugarren mileniumaren etorrerarekin batera ohartzen ari gara giza espeziearen eboluzioan beste kate begi bat sortu dela, alegia, Homo Habilis aurretik, Homo Sapiens ondoren eta Homo Ergelis dagoeneko. Ergela, teknologia eta birtualitatea tarteko, puntan egoteko lasterketa eroan sarturik gaudelako "oharkabean", baina antzera gertatzen da beste arlo guztietan, hau da, auto, etxetresna, jantzi, estetika, aisia eta abarretan. Homo Ergelis edo Homo Kontsumiretis bihurtu gara, hain zuzen ere, amalurraren biziraupena bera ere Zainketa Berezietako Gelara eraman duena.Eratu dugun kontsumo ekonomia honetan, merchandisingak eta propaganda sistemak garatu dituen teknika erasokorren aurrean, pertsona babesik gabe gelditu da bonbardaketak ez baitu etenik. Are gehiago, krisi latzena bizi dugunean ere, politikariek kontsumitu dezagun deiadarra egiten digutenean.Alabaina, Askatasunaren Borrokalariak badaki hori ez dela bidea. Jasotzen ditugun estimulu horien guztien artean zaila izanagatik, hausnarketa patxadatsua egitea komeni da. Bizimodu soila egin behar duela ikasi du eta, kontsumitzaile bezala, arau zehatzak segitzen ahalegintzen da: behar duenean erosi publizitateari jaramonik egin gabe, produktuak ongi aztertuz; ekoizterakoan, gizarte injustiziarik edo kalte ekologikorik eragiten ez dituztenak hautatuz; bertako ekonomia lagunduz; garaikoak lehenetsiz; ahalik eta zabor kutsagarririk gutxien sortuz eta birziklapena eta elkartasuna landuz. Homo Sapiens izan nahi du!aingerumi@gmail.com