Ez dago dirurik. Gure agintariek ez dute dirurik. Bai, baten batek nahi dutenerako ez dutela esango dit, baina gogoratu Gozategiren abestia: "baina ze kasualitate, guria falta zaiela...". Honen aitzakiapean, gure ongizatezko gizartearen beherakada batera ohitu behar dugula esaten digute, denentzat ez dagoela. Madarikazioak, amorrazioak, behar ez direnak eta bi botako ditugu horrelako berriak entzuterakoan, baina... eta egin? Zer egingo dugu? Edo hobe esanda, zer egiteko prest gaude?Hezkuntzan eta Osasunean, besteak beste, laster nabarituko ditugu atzera pausoak eta erremediorik gabe horiekin bizitzen ikasiko dugu. Beraz, gure mendebaldeko gizarte honek dituen zenbait abantaila gabe ere bizitzen badakigula onartu beharko dugu. Eta hau horrela bada, urtetan zehar izerdi eta odolaren truke lortutako bizimoduari uko egin behar badiogu, zergatik ez probestu atzera emandako pausoak bide zuzenago bat hartzeko etorkizunari begira? Hitz politak e? Baina nola gauzatu? Hori da galdera.Nik ideia bat emango dizuet, antola ditzagun kontsumo taldeak. "Ui mutil! Nik erosketak supermerkatu handi horietako batean askoz ere erosoago egiten ditut". Ados, erosoagoa da, baina Mafaldaren esanetan: "bizitza oso polita da, pena polita eta erosoa maiz nahasten ditugula...". Nik behintzat jaten dudanetik ahal dudan guztia Sakanan ekoiztuta eta ekoizleari zuzenean ordainduta izan dadin ahaleginduko naiz. Esfortzu txikia ala handia ezberdina da bakoitzarentzat bere egoeraren arabera, baina "zerbait" polita eta ona "sortzen" ari garenaren "ilusioa" denentzat berdina da. Aupa LUGORRI!!