Azken hilabeteetatik Guaixe eta Beleixe aro neketsuago batean bizi dira. Lehendik Sakana eta Sakanaz kanpokoa ere bereganatuak zituen lehen munduko bazterrak oro astindu dituen New Age honek. Gurean Nafar Gobernuak ohiko sakrifiziogaiak paratu ditu Beharraren aldarean: euskara, kultura, hezkuntza, osasun zerbitzuak... eta krisiaren kozka latza berorien saihets minberatuetan bermatu da.Nafar euskalgintzaren kasuan guraizak ez, su kixkaltzaile bat nagusitzen ari da asaba zaharren baratzean. Azken hamabost-hogei urte honetan mardultzen ez baina kozkortzen behintzat ari zen euskal hedabideen ekarria. Eskaintza egonkor bat bazen, baita proiektu berriak gerora, baina hori guztia Nafar Gobernuaren esku apetatsuarenmende zegoen. Orain esku zimur hura ukabil hertsia da eta ezinbestean Guaixe-Beleixe jasaten ari dira destinu petralaren ondorio hauxe.Halaber Berria egunkariari ez zaio arrotz kontu hau eta kanpaina bati ekin dio sosak eskuratzeko. Guaixen berriki izan zen etenari eztena jarraiki zitzaion eta Berrian (munduko paperezko prentsa gehienean bezala) ziztaden beharrean daude. Sasoi gaiztoan fortunatu zaizkie Guaixe/Beleixe nahiz Berriari puskabiltza hauek. Hainbat lantegi ixten, langileen soldatak izozten edo urritzen, negozio ttiki eta ertainak tinka latzean, jendarte laguntzak ere gainbehera.Ugari dira Behargorriaren ostatuan pausatu direnak eta ahalbait gehienengana iristeko ahalegina egin behar dugu. Ziztadattoa hala ere ez dezagun ahantz.