Azkeneko urte hauetan modak aurrea harrapatu digu. Janzkerak norberaren izaeraren alde bat betetzeari utzi, eta izaera bera bihurtu da. Horrela, jantzi ezberdinekin nahi duguna edo hobe esanda modak nahi duena azaldu dezakegu. Askotan hainbat komentario entzun ohi ditugu, eta janzkeraren arabera ondoan dagoen pertsonaren izaera asmatu dezakegula dirudi.Baina zorionez, janzkerak askotan nahi dugun irudia ematen laguntzen digun arren, gure gorputzak adierazten duena inoiz ezingo du ordezkatu.Gure gorputzak, eramaten dugun janzkerak baino informazio gehiago darama. Gure gorputzak, mundu honetan garena azaltzen duelako. Gainera, garen hau, osagaiez beteta dago, emozioak, sentimenduak, bizitzen ari garen momentua, guztiak osatzen gaitu, eta gorputzak hori guztia agertzen du.Hau da, emakume eta gizon izanik, bizi izan duguna, sentitu izan duguna azaldu eta adierazten du.Orain , udararekin batera, eguzki izpietaz gozatzeko aukera daukagu, arropa kentzeko, azala erakusteko, ...Garen hau lotsa gabe erakusteko garaia iritsi da, altuak, txikiak, argalak, lodiak...garena agertzeko eta bizitzeko. Gure gorputza, gure barruko mundu emozionalaren seinale da eta, beraz, erakusten dugun hori neurri bat baino gehiago da. Erakusten duguna , mundu honetan, daramagun ibilbidearen emaitza da, eta edozein janzkeraren bitxitasuna baino interesgarriago da, gorputzek esaten digutena.Arropak, janzkerak, gure gorputza apaintzeko adierazletzat erabili ditzakegu, baina ez dezagun gorputza albo batera utzi.Udararekin batera gorputza, eguzkiaren beroaz, uraren freskotasunaz, besteen begiradaz, elikatu eta goxatu dezakegu.Ez ahaztu, berotasunak, goxotasunak, freskotasunak, edozein modak aipatzen dizkigun jantziak baino onura gehiagoak eskaintzen dizkigula, eta horiek bai gure izanean eragin zuzena dutela.Plazerraren bidez, goxotasunez elikatzen den gorputza eder agertzen zaigulako , eta norberari bere gorputza bizitzeko biderik emankorrena eskaintzen diolako.