Presoen Kolektiboak agiri batean agertzen du konponbidera pausoekin adostasuna, eta urrats gehiago emateko borondatea. Azpimarratzekoa oztopo guztien gainetik dokumentu bateratua lortu ahal izana, eskertzekoa eman aurrerapausoa, arbuiatzekoa Madrilen ezezko bortitza. ASKATASUNA, presoen aldeko elkargoak, desagertu egin dela iragarri du. Zera dio, presoen eskubideen defentsa eta urraketei aurre egitea izan dela bere zeregin nagusia, aro politiko berri honetan aldiz, konponbidea bilatzea eta indarrak biltzea dela helburu nagusia, gainera presoekiko sentiberatasuna errotua dagoela gizartean, eta presoen gaia agenda politikoan ere sartu dela jada. Eskertu nahi diogu 11 urtez gure alboan egon izana eta egin duen lan eskerga, kartzelaz ordainduz askok.Amnistia Internazional erakundeak eskubideak bortxatuak izan zaizkien guztientzat egia, justizia eta ordainbidea eskatu du Euskal Herrira bisitan. Azpimarratzen du Estatu- biolentziaren biktimak ez direla behar den bezala kontutan hartzen, eskubide bortxaketa horien egileak epaituak izan behar dutela, eta beldur da torturaren biktimak ahaztuak izango direla. Torturaren aurkako araudia betetzen ez delako kezka ere azaltzen du. Zehazki Orkatz Gallastegi bizkaitarraren torturak ikertzeko eskatzen dio Gobernuari. Ekonomia krisia Giza Eskubideen krisia bihur daitekeelako kezka ere azaltzen du. Hor dago salaketa, hor daude eskabideak.Hauteskunde Legearen aldaketa asmoa da egunotako albistea: guri dagokigunez, presoen egoera gordintasun berean luzaraztea besterik ez du ekarriko, agian hori ere bada aldaketaren azken helburuetariko bat.