Arbizuar baten barrenean zirrara handiagorik gauza gutxik sortzen du San Juanen gertutasunak baino. Udaren ezkaratzan sartzeak sentimendu biziak sortzen ditu zahar eta gazteen artean. Daudenen poza eta falta direnen hutsunea tartekatzen dira gazi gozoek bihotza astintzen duten bitartean. Suziri eta txarangak herritarren animoak igotzen dituzten bitartean, ermita inguruko zelai berdeak kolorez bustitzen dira dozenaka blusaren ikuskizun apartan. Buztinezko kazula astunek badakarte lur gainean jarrita dastatuko den jaki goxoen usaina. Ermita barrenetik datoz gure zaharrenengan nostalgiazko sentimenduak berpizten dituzten kantuen oihartzunak. Ardoa badator azkenik, gazta eta ogiarekin nahasturik, zapore berezia ematen dio udako solstizioaren jai hilezkor honi. Inguruan algarak eta agurrak, herri baten seme alabak elkartzen dira berriro ere, sentimendua pizten da eta faltan botatzen dira bertan ez daudenak. Lurretik altxatzen doaz orain arte berriketan zebiltzanak eta urduritasuna sentitu daiteke herritarraren arnasean. Txarangak hasten du bere deiadarra eta maldan behera amiltzen dira haurrak lehenik eta gazteak besotik hartuta beranduago. Kea dator herriko karriketatik. Su garrak urrunean eta bihotzean, erre usaina nonnahi. Hasi dira jauziak, lehertu da festa. Ez da nekerik, ez minik, suak erretzen ditu kezka eta gabeziak. Izerdiak kanporatzen ditu gordetako tentsio eta minak. Konturatzerako plazan gara bueltan, herri bat baturik, herri bat sentimendu bat partekatzen, garai latzenei aurre egiten.