Aurkeztu berri du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2011 urteari dagokion txostena. Herritarrek Euskararen telefonora helarazitako bizipenetan oinarritzen da Behatokia txosten hori egiteko. Bideratutako kexa, zoriontze eta kontsultak aztertu, ondorioak atera, eta hizkuntza-eskubideen argazkia osatzen du urterik urte. Argazki hori osatzeko bizipenak helarazi dizkiguten herritarren artean badaude Sakanako herritarrak ere. Hona hemen Sakandarrek helarazi dizkiguten kexetako batzuk: - Izurdiaga parean, Iruñeko norakoan dagoen argizko panelean "atención, temperaturas bajo cero. Riesgo de hielo"; - Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentutik ikastetxe batera Nanotecnologia izeneko jarduerari buruzko posta elektronikoa eta ikasleen artean banatzeko itsatsita zituen dokumentuak gaztelania hutsean; - Osasun zentrora deitu euskaraz hasi eta "dímelo en castellano por favor";- Emaginak gaztelaniaz artatu, euskalduna ez zelako; - Nortasun Agiria euskarri elebidunean nahi zuela adierazi eta ezinezkoa zela erantzun; - Udalak gaztelania hutsean bidali die Landa eta Hiri-kontribuzioa kobratuko dizkiela jakinarazteko abisua.- Gizarte Segurantzatik gutuna, lan historiala, kotizazio orriak, asebetetzea neurtzeko galdetegia eta datuak eguneratzeko inprimakia gaztelania hutsean- ....Adibide hauek guztiak garbi erakusten dute Sakanan, oraindik ere, oztopoak ditugula euskaraz bizi ahal izateko. Euskararen alde egotetik pauso bat haratago joan eta Euskaraz bizi nahi dut pentsatzen baduzu, eraman gogapen hori joaten zaren lekura eta eraiki zure ingurua pentsamendu horrekin. Eginahalean aurkitzen dituzun zailtasunak gainditze bidean jartzeko, bultza egiteko modu bat da Euskararen telefono-ra jotzea. Enpeinu horretan bidelagun izango duzu Behatokia. www.euskararentelefonoa.com