Ekainaren 16an Iruñean egin zen Martxa Nazionalak aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Eguzki galdatan milaka eta milaka lagunek Nafarroa bizirik dagoela aldarrikatu zuten nafar hiriburuan. Horrelakoetan ohikoa denez, han bildutakoei buruzko zifra dantza ikusi dugu egunotan: poliziaren arabera 15.000, antolatzaileen arabera hamarnaka mila. Garrantzitsuena ordea ez da kopuru zehatza ezagutzea. Han egon ginenok ez dugu zenbakien oniritzirik behar. Jakin baitakigu horrelakoetan ideiak gorpuztu egiten direla, eta nahiek forma hartzen dutela.Jauzia esponentziala izan da. 2010ean Vianan egin zen historialarien biltzarrean "anexio" eta "inkorporazio" bezalako eufemismoak ezeztatzeko eztabaidak hartu zuen lekua. Handik gutxira, orduan gobernu buru zen Miguel Sanzek "konkista" hitza erabili zuen lehenengoz, Nafarroari Espainiarekin zein ederki joan zaion berresteko izan bazen ere (baieztapen berbera gorritu gabe egingo al luke gaur egun Sanz jaunak?). Iruñeko agerraldi jendetsua ez da egun batetik besterako lana. Urtetan zehar historiagile, elkarte, eta abarrek oroimen historikoa gizarteratzeko egindako lana ezinbestekoa izan da. Azken aldian sortutako hainbat polemika ere lagungarri suertatu dira (Diario de Navarrak Nafarroa Bizirikek egin behar zuen agerpenaren kariaz hasitako kanpaina datorkit burura). Orain Iruñean gorpuztutako nahia bizirik mantentzeko tenorea da. Ekainaren ondotik egingo diren ekitaldiak dira horren isla, tartean Nabarraldek antolatuko duen Euskal Herriko historialarien III. biltzarra, konkistaren ondorioak aztertuko dituena. Nafarrok gure historiaren eta etorkizunaren jabe izan nahi dugulako.