Aizu, galdetuko balizute zenbat balio duen zure biziak. Zer erantzunen zenuke? Bada, egunkarian albiste labur bat irakurri berri dut: "65.000 euro familiari kalte ordainetan 85 urteko gizon bat autoz harrapatuta hil izanagatik". Eta, honek, pentsabide horixe ekarri dit "biziaren balioa".Ziurrenik, giza morala eta etikaren aldetik "bizia" da baliorik handien duen kontzeptua, edozeren gainetik egon behar duena, materialki ordainezina, eta abar. Horregatik, sortzen dira halako kalapitak hainbat gairen inguruan. Hipokresia puntua ere badutenak, zeren, pateretakoen, palestinar, afganiar eta abarren biziak "outlet" baitaude.Hala ere, gizarteak oro har eta, batez ere, "ekonomiaren etikak" balio instrumentala ematen dio biziari, adibidez, auto istripuan hildakoarengatik 52.000-105.000 euro arteko diru saria ezkontideari, adinaren arabera, eta 44.000 euro adingabeko seme-alaba bakoitzari. Lan eremuan pixka bat baxuagoak. Ordainsari hori ez omen da lukrorako, ahaideei utzitako hutsunea asebetetzeko baizik; alegia, merkatu ekonomian, pertsonak duen balioa.Merkatu ekonomiak pertsonaren eta biziaren gainean finkatzen dituen kopuruak hotzak dira: biziak gama erdi-altuko auto baten prezioa izaten ahal du, adina eta beste aldagai batzuen arabera.Krisiak ere zifra oso hotzak dakarzkigu. Gehiegitan biziaren eta bizitza kalitatearen kaltetan. Baina,norberarena ere bada erantzukizuna eguneroko borrokan asmatuz, apaltasunez, elkartasunez eta maitasunez denon bizia eta bizitza baliotsuagoa izan dadin. aingerumi@gmail.com