XX.mendera arte urtaro hau uzta eta biltze lanekin lotua zen. Giza saldoak alor, pentze eta soroetan barrena lurrak emaniko fruitua jasotzen ikusten ditugu lan neketsu eta izerditsuetan eta ez Iruñeko ferietan atorra ezinago zuri soinean eta zapi gorria lepoan edo igerilekuetan edo hondartzetan sargoriaz gozatzen. Teknologiaren enegarren iraultzak erabateko aldaketa ekarri zuen lan moldean eta ohituretan eta egun margolan edo argazki zaharren bidez besterik ez dugu ezagutzen lehenagoko garila edo uztaila.Aurtengo uztailak alor ekonomiko, finantziero eta sozialean bestelako uzta mehe eta xukatua ekarri digu Pirinioz honatagora. Bagenekien aurretik egoera gordina zena, alta nonbait murrizketenak eta sakrifizioenak epeltzerik izanen zuela espero genuen, baina berriz ere esperotakoak inozokeriaren kume.Espainiako gobernuburuak zintzo eta leial Bruselatikoak agindu ditu berak aurrez esaniko guztiak ikilimikiklik janez. Galdera erretorikoa ere egin zuen: "Ezertarko balio izango ote du sakrifizio eskerga honek?" Bere buruari berba pulpitutik erantzun ziola: " Bai, inondik ere, eta urte batzuetara ikusiko dugu".Hauxe aurtengo uzta toxikoa. Baina zein izan da aurreko hamabi-hamabost urteetako ereite lana munduko ipar aberastuan? Gutxi batzuen hiper aberaste neurrigabea finantza eragiketa ustelen bidez, gari haziak zementu alor mugagabeetan bota izana, zentzu bako obra megalomanoak gauzatu izana, ipuineko esnesaltzaile politikari ergel ugariren erakuskeria. Horra azken urteetako ereintza.Beti da ereintza berri eta sanoari ekiteko garaia, eta oraingoa inoiz baino premiazkoagoa da. Bertakotik, egunerokotik.