Azken aldian, FCC hondakinen multinazionalaren porlandegiak Nafarroan ezarri nahi duen jarduera berriari buruz agertzen diren informazioak kontraesankorrak eta sarritan ulertzen zailak direla ikusten dugu. Dagoeneko denok dakigu izkutuko hondakin errausketa besterik ez dela eta horrexegatik, enpresak nola estali ez dakielako, iturri horretatik datozen informazio ugari nahasgarriak eta irentsi ezinak dira.3MB plataformatik, aspektu hauetako batzuk aztertu nahi genituzke gai honekin loturiko hainbat kontu ahal den neurrian argitu ahal izateko.Enpresak behin eta berriz errepikatu izan du porlana ekoitzi behar duela eta ez duela jardueraz aldatu behar. Galdera hau sortzen da honen aurrean; porlana ekoizteko 2007az geroztik baimena baldin badu, Ingurumen Baimen Bateratua (IBB), zertarako behar du veste baimen berri bat?Erantzuna, beste IBB bat behar duela, porlana ekoizteaz gain hondakin kudeatzaile jarduera berri bat egin behar duelako, hondakinak errausteko 653/2003 EDak arautzen duena, berariazko instalazioetako errausketa (errauskailuak) arautzen duen dekretu berbera. Horretarako gainera, enpresak lankidetza hitzarmena sinatu du Nafarroako Gobernuarekin, Nafarroatik datozen hondakinei "lehentasuna" emango zaiolarik. FCC hondakinen multinazionalaren proiektua interés orokorrekoa izendatzea zuritzeko helburuz egindako hitzarmena, horrela jarduera hau debekatzen duten udal araudiak saiheztuz.Beste gai bat; hondakin "ez arriskutsuak" erreko dituztela diote, horrela herritarrei helarazi nahi dioten mezua, jarduera berri hau ez dela arriskutsua da.Hondakin errausketarako 653/2003 EDak, balioztatze plantetan (errauskailuak) eta hondakinak erretzen dituzten porlandegietan hondakin kudeaketa arautzen duenak, honela dio: "hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuen arteko bereizketak, erraustu aurretik hondakin horiek dituzten ezaugarrietan du oinarria, baina hutsala da atmosferara igortzen diren kutsatzaileei dagokionez eta beraz, igorpen muga berberak eskatzen dituzte..." Hau da, hondakinen arriskua, arriskutsuak izan ala ez, erretzean datza, minbizia sorrarazten duten eta esposizio maila segururik ez duten gai oso kutsatzaileak isurtzen direlako.Landare-biomasa erabiltzearen argudioa, enpresari benetan errentagarria zaion bidea irekitzeko era besterik ez zen: zaborra (HEE, Hondakinetatik Eratorriko Erregaia, eufemismoa erabiltzen da orain), lohiak, plastikoak, pneumatikoak, e.a. erretzeko, beti ere, nola ez noski, "zabortegira zihoazen hondakin birzikla ezinak".Ez da egia Olaztin FCCk erre nahi dituen hondakinek zabortegia dutela helmuga halabeharrez, eta horren adibide dira %100ean birzikla daitezkeen pneumatikoak. Hauek, eta gainerako hondakinak, erretzea debekatua dago urrutirago joan gabe gure mugakide diren Arabako eta Aragoiko lurraldeetan eta bertako hondakin planek ez dute hondakin errausketa-balioztatzea kudeaketa eredu gisa aurrikusten eta bai birziklatzean eta konpostatzean oinarritzen diren beste batzuk.Enplegua mantentzeari dagokionez, bai enpresak, bai langile batzordeko lehendakariak adierazi dute jarduera honen ezarpenak ez dituela lanpostuak ziurtatzen, hondakinak erretzen dituzten beste porlandegi batzuetan ikusten ari garena bestalde.Baina Portland-ek nekez ezkutatu badezake bere jarduera berria, antzera dabil Nafarroako Gobernua Portland bezalako empresa baten proiektua UGPS (Udalaz Gaindiko Proiektu Sektoriala) gisa justifikatu nahian, ongi ezagutzen duenean multinazioanalaren praktika ilegalak eta iruzurtiak frogatutzat ematen dituen CNCren (Comisión Nacional de la Competencia) ebazpena, eta lehen kalkuluen arabera foru komunitateko diru kutxari 100 milioi euro baino gehiagoko iruzurra egin dionean. Horrela, legedi berezi hau maltzurki erabiliz, sekula beste inongo porlandegi bati baimenik emateko erabili ez den moduan, Olaztiko udalaren araudia saihestu nahi dute, honek hondakinak erretzea udal eremu osoan debekatzen duelako eta Portland-en proiektuak betetzen ez dituen jarduera arriskutsu eta kaltegarrientzat segurtasun distantziak ezartzen dituelako. Demokraziaren aurkako bidegabekeria izugarria jasotzen ari gara, alderdi politiko guztien alarma piztu beharko lukeena. Badakigu bestalde, beste inon nahi izan ez duten eta politikoen, garapen kontsortzioen, turismo eta landa-etxeen elkarteen, udalen, ... arbuioa jaso ondoren, hemen inposatutako jarduera honen guztiaren ondorio larrienak benetan jasoko dituztenak inguruko herritarrak izango direla. Honen guztiaren kontra, uztailaren 21ean, larunbatean, arratsaldeko 19:00etan Olaztiko plazatik "Errausketarik ez-No a la incineración" lelopean abiatuko da talde ekologista, sindikatu, landa-etxe, udal eta ehundaka pertsonen babesa duen manifestazioa. Hantxe espero zaituztegu.