Tortura

Zoila Berastegi 2012ko uzt. 27a, 00:00

Atean jotako kolpe bortitzek esnatu naute. Ziztu bizian altxa naiz ohetik. Bihotza bularretik ateratzeko prest. Atea ireki da. Sartu dira. Agur maitia. Maite zaitut. Nik ere bai.Nor zara? Atzemana. Aurkitua. Harrapatua. Larrugorritua. Lotua. Itsutua. Makurtua.  Lehenengo jipoia. Jipoitua. Ixildua.Ez dut ezer ikusten. Gaua ote? Dena ilun. Ahots ezezagunak soilik iristen zaizkit belarrietara. Gorputz uniformatuen hoztasuna heldu zait. Eskuen dardara nabarmen sentitzen dut, hamar hatzetariko bakoitza, dardarka. Nor zara? Bakartua. Estutua. Iraindua. Oihukatua. Bortxatua. Beldurtua. Mehatxatua. Bigarren jipoia. Jipoitua. Ixildua. Hormak. Barrak ate eta leihoetan. Hormak. Atzerriko haizeak. Hormak. Etxekoen oroitzak. Hormak. Gela bat. Hormak. Ohe bat. Hormak. Konketa bat. Hormak. Nor zara? Ustekabetua. Atxekabetua. Humildua. Kolpetua. Zigortua. Gosetua. Hirugarren jipoia. Jipoitua. Ixildua. Pasilo batetik naramate. Beste gela bat. Mahaia. Bi tipo. Bi aulki. Malkoek nire masailak busti dituzte. Atzerriko haizeak. Poltsa bat. Airea. Airea. Airea.  Nor zara? Mespresatua. Gorrotatua. Maneiatua. Bazter utzia. Desorientatua. Galdua. Laugarren jipoia. Jipoitua. Bla.Ez dakit zenbat egun pasa diren. Ia ia ezin ditut begiak ireki. Ezin dut zerbait egingo dizueten imajinarekin bizi. Ezin dut. Ezin dut gehiago. Nor zara? Mindua. Barrenean mindua. Barren-barrenean mindua. Bosgarren jipoia. Jipoitua. Bla bla. Berriro galderak. Galderak. Galderen ondoren erantzunak. Erantzunak. Nireak edo haiek emandakoak. Haiek emandakoak edo nireak. Nahikoa da. Ama...Nor zara? Bla bla bla.Nor zara?Ez dakit.