Giza Eskubideen Europar Auzitegiak Parot dotrinak giza eskubideak urratzen dituela erabaki eta Ines del Rio lehenbailehen aske uztea eskatu du. Beti aldarrikatu izan duguna. Estrasburgosetik etorri zaio orain erabakia eta eskabidea Madrili. Erabat urduri, haserre eta petral erantzun du Madrilek. Beti agertu dira legearen alde, beraiek unean uneko interesen arabera ezarritako legeen aldeko, astakeria handienak ere legalak bihurtuz. Baina ez justiziaren araberakoak. Oraingoan baina, nazioarteko auzitegi bat da kontuak eskatu dizkiona. Ines ez duela askatuko erantzun du, kartzela politika ez duela aldatuko. Legea ez zaio axola. Konfrontazio politikarekin jarraitu nahi du Madrilek. Eta hori erakutsi du uztaila honetan, betiko errepresio politikarekin.Guzti honen paralelo, kartzela politikaren aldaketa iragarri du Estatuak. Damutzearen truke. Tartekako eta bakarrentzako planak eskaintzen dituzte. Erabat baldintzatuak. Eskubideak eta legeak, baina, betetzekoak dira edozein dela une politikoa, ez daude erabaki politikoen mende. Orain arteko eskaintza oro xantaia politikoa besterik ez da izan. Preso gaixoak aske behar dute, kondenaren laurdenak bete dutenak etxean, bizi osorako zigorra desagertu behar da eta preso denak etxetik ahalik hurren behar dute. Hori dio legeak. Lege hori bete egin behar da, baldintzarik gabe. Beste dena zurikeria hutsa da.Europako epaiarekin pauso bat gehiago eman dugu presoak etxera ekartzeko lehian, pauso bat besterik ez, baina pauso bat. Madrilen gezurrak eta kontraesanak agerian utziz jarraitu behar dugu. Europako bermearekin bada, hobe.