Maitane, neska arrunta da, guraso langileak dituena. Hori bai, gehiegi nabarmendu gabe bada ere, bere betebeharretan txukun ibilita, unibertsitateko lizentziatura eta diplomatura eskuratu dituena. Bestalde, alaia, dantza talde bateko kide, gazte dinamiketan partaide, eta abar ere bada. Neska jatorra, beti ere.Ikasketak bukatuta, lan-eskaintza egin zioten atzerrira joateko, baina Maitanek uko egin zion. Ez kanpora ateratzeko beldur zelako, baizik eta Euskal Herrian bizi nahi zuelako; gainera, Erasmusekin Europa ekialdean ibilia da. Berriki, lan kontratua lortu du; gainera, ikasitakoarekin lotura duena.Azken bolada honetan, krisia tarteko, diskurtso ultraliberal bat zabaltzen ari da, hots, gazteak prest egon behar dira noranahi (eta nolanahi) lan egitera joateko, baita atzerrira bada ere. "Amu" kilikagarriak aurrean: lana, ikasketa ondoko prestakuntza, promoziorako bidea, toki bitxiak ezagutzeko aukera, eta abar. "Talentudunen ihesa", gero eta indar handiagoko esaldia. Lehen artzainak, orain ingeniariak. Hala ere, gehiegitan, amets distiratsuak, hasierako ilusioak, hondarreko min eta oinaze.Maitanek, pertsona den aldetik antolatu nahi du bere bizitza. Ez du etorkin izan nahi herrialde arrotz batean, seme-alabak aiton-amonik gabe hazi eta lagunen urruntasuna bizi. Berezkoa, nor bere herrian bizitzea."Atzerri otserri (otso-herri)" esaten du euskal esaera zahar batek, eta "Urrutiko intxaurrak hamalau, bertaratu eta lau" beste batek.aingerumi@gmail.com