Denbora badator edo badoa. Denbora badator eta badoa. Biak bat, agian. Urtebetetzea dela eta, Galeanoren liburu berria esku artean daukat: Egunen seme-alabak du izenburu. Orrialde bakoitza urteko egun bat da, eta egun bakoitza historiako gertakari bat. Gaur irailak 10 denez, 290. orrialdea ireki dut, eta hari esker jakin izan dut egun honekin egin zela Ameriketako lehen nekazari-erreforma 1815. urtean. Uruguain izan zen, oraindik hau nazio ere ez zenean. Altxatu berri zen herriaren izenean José Artigasek lurrak banatu zituen. Bost urte geroago Artigasek erbestera alde egin behar izan zuen. Herritar xumeei lurrak kendu zizkieten, baina menderatuek "inor ez da inor baino gehiago" esaten... aldarrikatzen jarraitzen dute.2012. urtea. Euskal Herria, nazio izateko bidean, nahian, lanean dabilen lurra. Antzinetik lurretik eta lurrerako bizi izan den herria. Bertako nekazari, abeltzain, arrantzale eta gainontzekoak izanik horren lekuko. Auzolana lanabes. Hortik gatoz... baina nora goaz? Sakanako paisaiak erraustegi bortitz eta zapaltzaile baten mehatxupean; Abiadura Handiko Trena dela eta hainbat nekazal lur lapurtuak, bortxatuak, irainduak; Mendeetan zehar landatu diren baratzen suntsiketa eta harekin geure aitona-amonen jakintza eta jakinduriaren lurperatzea... Eta soilik hitz bat datorkit burura... biluzik, abizenik gabe, lotsatua, atsekabetua... LUR. Denbora badoa, eta badoan bezala... badator. Geure lurra geure herri denez, babesten, berreskuratzen, errespetatzen hasteko (batzuendako) eta jarraitzeko (beste batzuendako) denbora heldu da. Denbora badator.