Josu Uribetxeberria presoari duela zazpi urte aurkitu zioten minbizia. Legez etxean behar zuen. Metastasia erabat gaiztotu zitzaionean ekarri zuten Donostiako ospitalera. Josuk gose greba hasi zuen, ia hilabete batez 12 orduko kontzentrazioak ospitale aurrean egunero, milaka eta milaka jende bildu zituen manifestazioa, presoak gose greban kartzeletan, ekintza eten gabeak herrietan, ... Fiskal, forense, politiko eta enparauen trikimailuek luzatu zuten erabakia ezin beranduagoraino, baina azkenean aske utzi du epaileak. Ospitalean da oraindik, etxera joanen da baina biziak muga jarria dio. Halabeharrez behar zuen gaitzak, baina gutxienez bizia luzatu ahal zitzaion eta azken egunak lasaitasunean pasa ahal izango zituen. Mendeku gosea, herra, gorrotoa, krudelkeria, sadismoa, ... kartzela-politikak hil egiten du. Estrasburgoko Epaitegiak Ines del Rio aske usteko epaia onartzea urrira arte luzatu du Espainiako Auzitegiak. Gobernuak helegitea jartzen duen ala ez ikusi arte edo, nonbait. Espainiakoaren gainetik dagoen epaia da. Onartuz, beste 60tik gora preso politiko utzi behar dituzte aske Parot dotrina legez kanpokoa delako.Istripu larriak bisitara bidean, pertsonaia baten bisita edo urteurren ezaugarri baten inguruan opari edo demostrazio gisa interes politikoek eragindakoak diruditen atxiloketak, kartzeletan erasoak: errepresioa. Baina berri pozgarriz bukatu nahi dugu: fidantza eskergak ordainduta, aske ditugu behin ere gatibu izan behar ez zuten Joxe eta Xafan, biziki pozik gaude. Bestalde sendo diraute Sakanako presoek, herri honek damaien hurbiltasuna babes dela.