Zazpiehun urte igaro dira Etxarriko hiribildua sortu zela. Aranazko lurreko herrixkak batu eta erregeak bertako biztanleei beren bizi baldintzak hobetzeko promesan, harresiz inguratutako herria sortu zuen Arakil ibaiaren ertz batean. Muga gaztelarren erasoetatik babesteko proiektuan baziren Villafuerte eta Villadefensa sortzeko asmoak ere Burundako ibarrean, baina hauek ez ziren aurrera eraman populazioaren erresistentziak zirela eta. Beranduxeago Uharte eta Lakuntzako hiribilduak ere sortuko dira erreinua errazago defendatzeko itxaropenean. Irurita, Ataun, Ausa, edo Aixitako gazteluek nekez babesten zituzten nafarren aziendak erasoetatik. Aurrerantzean bertako leinu nobleen laguntzaz, defentsa eraginkorrago bat lortuko da azken hauek sarituz.Honek, ordea, herrixka askoren suntsiketa ekarriko du. Biztanleek ez zuten herria utzi nahi eta gehienetan indarra erabiltzen zen etxeak husteko. Egurrezko etxetxo hauek laster desagertu ziren, baina han geratu ziren kanposantu eta eliza txikiak. Hauek urtero bisitatzeko ohiturak erromeriak sortuko ditu Sakanan barrena.Batasunak indarra dakarrela medio, berrehun urtez gorde zuen Etxarrik erreinuko muga. Behin hura desagerturik, zentzua galdu eta laster berrerabili ziren harresietako harriak etxe berrietan. Garai hartako kaleen izenek eta abizenek dakarte guganaino gure historiaren berri. Garai latzetan elkarturik mantentzen den herriak aurrera egiten duela erakusten digu bere memoriak.