Gogoetan hasi baino lehen, festak gozatzeko deialdi bat egin nahi dugu, egun horietako egunak herritar guztiendako prestatu direlakoan gaudelako.Artikulu hau idatzi dugu kritika konstruktibo bat egiteko asmoz, Altsasuko festen egitarauan erlijioak izan duen tratamenduari buruzkoa, hain zuzen ere. Helburua da gaiari buruz lasai eztabaidatzea eta pixkanaka ohitura batzuk aldatzea, gure ustez gaur egun bazterturik egon beharko luketelako.Ematen du iraganeko kontua izan beharko lukeela Estatuak eta udalek (edo, beharbada, alderantziz) mota guztietako programa politiko laikoei erlijio gaiak atxikitzeak. Baina ez da hala jokatzen, urtez urte joera horrek bizirik dirauelako.Esaterako, joan den astean berri batean irakurri genuen Nafarroako Gobernuak Opuseko ikastetxe pribatuei diru-laguntza mardula eman diola, nahiz eta sexuen arabera bereizita egon (mutikoak mutikoekin eta neskak neskekin).Beste adibide bat jarriko dugu, are hurbilagoa: gure herriko festa egitaraua zirrara bihotzean eta pozaren pozez irakurrita, programatutako ekitaldien artean bi meza daudela ohartu gara. Lehenbizikoa hilaren 13an izanen da, festak irekitzeko ekitaldi gisa emana. Guztiok aitortza eginda eta jauna hartuta harrapatzeko ote? Bestea hilaren 14ko "Gazteen Egunari" hasiera emateko jarri dute. Kasu honetan ondoko galdera egin diogu geure buruari: Beharbada, doktrinamendua ahalik eta lasterrena egiteko izanen da, bizitza osorako busti gaitzan? Ea argitzen dugun gaia, testuinguru honetan bi ekitaldi mota baitaude: erlijio-ekitaldiak eta festa-ekitaldiak. Gure ustez, biak desberdindu beharko genituzke, lehenik eta behin, biak bereizi ahal izateko. Herriko festak ekitaldi publikoak direnez, laikoak dira, nahiz eta herritar batzuek —horietariko batzuk hautetsiak izan daitezke— erlijioren bat izan.Mezak kristauen erlijio-ekitaldiak direnez, pribatuak izan beharko lukete, eta doktrina horri atxikitako pertsona horiendako soilik emanak.Udalak ekitaldi kristau batzuk antolatzen ditu festetan edo urtean zehar, eta, horregatik, hain zuzen ere, honako galdera hau etortzen zaigu burura: Zergatik? Gure iritziz, bi ekitaldi mota horiek ez dira nahastu behar. Hau da, udal ekitaldietan Udalak ez du erlijio izaera eta sinesmena (katolikoa ere ez) dituen inolako ekitaldirik sartu behar.Arrazoi batengatik Udalak elizekin harremanetan sartu beharko balu noizbait, herriko "gizarte entitateak" izateagatik egin beharko luke, ez, ordea, horiek bultzatzeko asmoz. Harremanik izanez gero, Altsasun dauden erlijio desberdinak kontuan hartu beharko lituzke, hori egin ezean, horietariko bati lehentasunezko tratua emanen lioke, gaur egun gertatzen ari den bezala.GORA GU, FESTETAN ERE BAI