Beltza. Beltza jaio zara eta ezin duzu aldatu. Ezberdina zara eta punto. Ez gizona ez emakumea, animali antzekoa. Berdin zaigu nondik edo nola zatozen, ezin baduzu jan, edan edo gaixo zauden. Bost axola zaigu zure seme alabek jakirik, urik edo sendagairik ez badute ere. Guri erositako pertsonen kontrako minei esker elbarrituak ala hil egin badira, ez da gure arazoa motel. Ez doa gurekin zure herrian diren gudak edo goseteak behartu zaituzten basamortua iheska eta oinutsik zeharkatzera eta Marokora iristerakoan, "errefuxiatu gune" delakoetan pilatuta sei hilabete ala gehio eman dituzun, hango polizien eraso eta hilketak gauero eta beldurrez jasanez espainiar muga gurutzatzeko itxoiten zauden bitartean. Ez zaigu batere inporta aukera hori izan duzuenean eta Melillan edota Ceutan dagoen horma saltatzerakoan bi tiro eman dizkizuten, hankak apurtu dituzun edo, salto egin ondoren eta muga igarotzea lortu baduzu ere, bi hiri horien kaleetan korrikan laguntza bila ibiltzea eta inork atea ez irekitzea. Baina hola izan ez bada eta, zure familiak duen diru guztia mafiei ordainduz gero, Gibraltarreko itsasartean ekartzen zintuen txalupak gau horretan ur hotzetan urperatu bada, agur.Berdin digu zure neke, izerdi edo zoritxarrak. Berdin digu zure amets, ahalegin edo itxaropenak. Berdin digu bakarrik, biluzik eta paper gabe ailegatzeak, zeren honutza iristen bazara, lasai, Barricadaren abestiak dioen bezala "balas blancas para la oveja negra" moduan, gure ehiztariak zure bila jarriko ditugu zu harrapatzeko eta berriro, zatozen tokira, bueltatuko zaituztegu.Kexak, iritziak, iradokizunak: dudugalan@hotmail.com