Sexologoak; eta zuek zertan egiten duzue lan? Zertarako balio du sexologiak? Zer da sexua? Hurrengo lerroetan galdera hauei erantzunak ematen saiatuko naiz:Sexologia, Sexuak aztertzen dituen Zientzia da. Beraz, emakumeak emakume diren heinean aztertzen ditu, gizonak gizon diren heinean, eta emakumeak eta gizonak sexudunak garenez elkarren artean ditugun harremanak ere (intimoak eta publikoak) kontuan hartzen ditu. Sexologian sexua ez da egiten, eta ez da edukitzen: sexudunak gara. Eta garelako (sexudunak) dauzkagu (ezaugarri sexualak) eta egiten ditugu (jokaera sexualak).Sexuen arteko elkarbizitza hori saihestezina den arren, beti ez da armoniatsua izaten. Sexologoek armonia hori sustatzeko lan egiten dugu. Pertsonen arteko harreman intimoekin lotutako gaiak artatu, sustatu, parte hartu, garatu eta ikertzen ditugu. Honakoak dira erreferentziazko giltzarriak: gizabanakoa, bikotea, familia, hezkidetza, elkarbizitza, sexua, sexualitatea, maitasuna, interakzioa, harremana, intimitatea, konpromisoa, ongizatea, asebetetzea, negoziazioa, aitatasuna eta amatasuna, aniztasuna, plazera, desioa, gorputza eta noski emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna. Gizonekin, emakumeekin eta horien arteko harremanekin zerikusia duen oro materia sexologikoa da. Ez haien gorputzei eta genitalei gertatzen zaiena bakarrik. Haien biografiei, harremanei, nortasunei, nahiei... gertatzen zaiena ere materia sexologikoa da, gizon diren heinean, emakume diren heinean eta elkarrekin aniztasunean harremanak dituzten eta elkarren mendekoak diren heinean.Gure lana hezkuntza, aholkularitza eta terapian jorratzen dugu, eta finean ondoren azaltzen da egiten dena:Pertsona eta bikoteekin lanean gaudenean arestian aipatutako ideiekin lan egiten dugu: orientabidea, informazioa, bideak, aukerak, konponbideak...eskaintzen dira,norberak bere burua uler dezan. Guregana hurbiltzen diren pertsonak berez gai dira, trebeak dira eta eskumenak dituzte, baina zerbaitekin kateatu egin dira arrazoi bat edo bestea dela eta. Beraz, kontua ez da sendatzea, konpontzea, berreskuratzea, berreraikitzea. Kasurik txarrenean kateatze horretatik askatzen saiatzen gara, eta kasurik onenean, berriz, elikatzen. Autolaguntzako liburuen antzeko xedea du, azken batean. Baina liburu horietan formula unibertsalak eskaintzen dira, jendeari orokorrean zuzendutakoak, eta gure kasu honetan, berriz, eskari zehatzei erantzuteko formula bereziak eskaintzen ditugu.