Sakanako Mankomunitateko euskera zerbitzuak, duela aste batzuk, gure bailarako euskeraren ezagutza eta kale erabileraren neurketaren emaitzak aurkeztu zituen. Horren aurrean Sakanako BILDU-k ondorengo gogoetak plazaratu nahi lituzke.5 urtetik behin Sakanan egiten dugun kale neurketa tresna instituzional garrantzitsua dela iruditzen zaigu, hizkuntzaren normalizazioak bizi duen tendentzia ezagutu eta instituzio, eragile eta hezkuntza sistemaren lanak ematen dituen emaitzak baloratzeko. Erabilera eta ezagutzaren tendentzia goranzkoa da, gazte eta haurren artean nabarmen. Zorionak eman beharrean gaude euskal hiztunon komunitatea handitzen ari delako Sakanan. Guraso gehiengo zabal baten hautua sema alabak euskalduntzearena da, matrikulazio datuek nabarmen adierazten duten bezela. Hori hala izanda ere, nahi baino motelago doa hizkuntz normalizazioaren egitasmoa, oraindik euskal hiztun askok ez du erabiltzen euskara bere egunerokotasunean, ez da euskaraz bizi. Oraindik orain, haur eta gazte gehiegi dago elebakar izatera kondenatuta. Egun, heldu gehiegi euskaldundu gabe.2012an oraindik, euskara ez da hizkuntz ofiziala euskararen herrian. Euskaraz bizitzeko eskubideak ez du berme legal-instituzionalik.Gure bailaran, hizkuntz normalizazioan dugun ardura eta zereginak seriotasunez hartzeko konpromisoa hartu genuen legealdia hasi genuenean. Gure hauteskunde programako lehentasunetako bat zen eta da. Konpromiso hori garatzeko asmoz pasatu den urtean martxan jarritako iniziatibak aipatu nahiko genituzke: Euskara Batzordea berrantolatu bertan instituzio, eragile, eskolak,...parte har dezaketelarik koordinazio eta erabaki gune bihurtuz. Legealdi osorako Plan Estrategikoa egin eta onartuta duen Mankomunitate bakarra gara Nafarroan. Udaletxeetarako euskara plana egin da 2012-2013 kurtsoan garapenari ekin zaiolarik eta Nafarroan, aurrekontu handienarekin kontatzen duen Euskara Zerbitzua dugu. Guzti hau egiteko eguneroko lanean burubelarri ari diren eragile, hautetsi eta langileekin kontatzeak, hizkuntz normalizazioaren aldeko borrokan badugula etorkizuna pentsarazten digu. Elkar lanerako guneak indartzen jarraitu, detektatutako ahulguneak gainditze bidean jarri, kontzientziak astindu, euskararen militante aktiboak gehitu eta eskubideen gauzatzea exijitzen jarraitzeko asmoan berresterik ez zaigu gelditzen.Sakana, 2012ko urriak 18.