EUSKARA GO! GO!

Zoila Berastegi 2012ko urr. 31a, 00:00

GOGORATU: Zur eta lur geratu nintzen, ahoa bete hortz, egunero bi hizkuntz hiltzen direla irakurri bainuen atzo. Bi hizkuntz. Eta nahi gabe, ustekabean, bat-batean, ezustean,  nire ama hizkuntzaz  gogoratu nintzen. Euskara. Eta hotzikara batek astindu ninduen. GOGOETA: Pentsakor geratu nintzen. Hausnarrean, ardiak bezala, ederki xehatutakoa berriz ere xehatuz... Barrutik kanpora eta kanpotik barrura. Sabeletik ahora eta belarrietatik bihotzera. Baina badakit gure hizkuntzak ez dituela beti baliabide horiek izan. Sabelek aho itxiak aurkitu dituztelako askotan, eta sabeletan geratu da euskara, erditu ezinik dabilen ama baten ume gisa, minez josia. Beste askotan belarriek tirakadak jasotzen zituzten euskaera entzungai egiten zutenei, bihotza debeku bidez izoztuz. Barruan, dena barruan gera zedin zihoen legeak. Euskaera etxean, ezkutuan. Ez zen kalean harrotasunez aritzeko mintzaira. Euskaerak ez zuen kalea merezi. GOGOAN IZAN: Bidea ez da erraza izan, eta oraindik ere ez da erraza. Ez dut ahazten; eta ez ahazteko erabiltzea da hoberen. Hori behar du hizkuntzak. Ez soilik ezagutza, baizik eta erabilera. Nik zuri euskaraz, zuk niri? GOGOA IZAN: Motibazioa, nahia, erabakia. Bai. Euskalduna ez da euskara dakiena, euskaraz bizitzea, harremantzeaharremanak izatea, maitatzea... erabakitzen duena baizik. Euskalduna izatea jarrera bat da. Oztopo guztien gainetik, norberaren barrenetik datorren erabaki bat, eta gehienean ez erraezena. Gogoa piztu euskara plazara atera dadin. Nik euskaraz bizi nahi dut. Eta zuk? Gogoratu, egin gogoeta, gogoan izan... baina batez ere... piztu gogoa!!