Sakana zeharkatzean, Burundarako bidean, deigarri gertatu izan zait betidanik Urbasa aldeko Baiza edo Biaitzeta mendian dagoen begizuloa. Batzuetan bat bakarra dagoela dirudi, eta beste batzuetan, ordea, bi. Kontua da ez dakidala nola natura horren jostaria eta adimentsua izan den hain trompe l’oeil ederra egiteko. Izan ere, bideberritik ikusita haitzulo bat dirudi, baina bertaratzen bazara ez duzu han zulorik aurkituko, bi haitz baizik, bakoitza bere forma bereziarekin, bere bihurgune propioekin, eta biak batzean ilusio optikoa sortzen da behar den lekutik begiratzean. Beraz, zuloa ikusten dugun arren, zulorik ez dago eta begia edo begiak ikusten ditugun arren, begirik ez dago. Ez dagoen zulo horretatik, izaterik ez duen begi horietatik, handik pasatzen da behin baino gehiagotan Aitzgorriko Dama hodei baten barruan sartuta Beriain mendiaren aldera, eta portu gainetik igarotzean euskaraz egiten du agirika uso talde batek bere bidea oztopatzen badio Bekosare trikuharriaren aldean.Handik kilometro gutxira, Aralar aldean eta Urdiaingo basoan, bada beste leku bat niretzat garrantzi handikoa dena, euskal mitologian duen lekuarengatik. Sarabez ari naiz, jentilen bizilekuaz. Laiene da hango haitz baten izena, eta nire lagun min baten alabaren izena. Aitziber izena oso hedatua dagoen arren, Laiene izeneko lagun bakarra ezagutzen dut. Hori dela eta, Euskaltzaindiko euskal izendegian kontsultatu egin dut haren esanahiaz dioenaz jabetzeko eta ‘Laioa deneko haitza’ esalditxotik datorrela dio, han leiho bat dagoelako, Jentilen Leihoa deritzana, jentilen sukaldearen ondoan eta Euskaltzaindiak dioenez hantxe lamiak agertzen zitzaizkien erromesei, ermitara joaten zirelarik, eta haitzen azpian amodioa egiten zuten euskaraz "maite zaitut" esanez (hau ez du Euskaltzaindiak esaten, nik neronek baizik). Bitxia, eta agian sexista, iruditzen zait jentilen leihoan, jentilak egon beharrean, lamiak irudikatzea. Baina, tira! Kontua da euskaraz aritzen zirela bai lamiak, bai jentilak eta, jakina, lamiek musukatuak ziren erromes zoriontsuak.Ba, adiskideok, jakin ezazue hauek guztiak, Aizgorriko Dama, uso taldea, jentilak, lamiak eta erromes gaixoak espainolizatu egin nahi dituela Wert ministrariak. Haiek eta eskolaratzeko adinean dauden haien seme-alaba guztiak, espainolak omen dira, haiek horretaz oraindik konturatu ez badira ere. Arazo honi konponbidea ematearren, bihar bertan, denbora galdu gabe eta Domu Santuen egunarekin batera, hasiko zaie irakasten "Historia de España Primera Parte, De la edad de piedra hasta Viriato". Eskolak herriko hilerrian emango dira, gaueko hamabietatik aurrera, Espainiako zoombie-rik beldurgarrienak irakasleak izanik. Zuek ere gonbidatuta zaudete.