Elkarlanean

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz Extramiana 2012ko aza. 16a, 00:00

Antzinako gure herrietako gizarteak ohituak zeuden sarritan gerta litezken  miseria eta krisietara. Gaixotasun, gerra edota goseak ziztatzen zituen gure karriketako bizilagunak maiz. Heriotza bazter askotatik ager zitekeen, hobe zen  bazter guztietan kideak izatea. Herrikideak, garai txarretan txerrikume bat eman zitzaketenak aldameneko familian goseak bere miseria gorriena erakuts ez zezan,  esperantza bizirik mantenduz.  Auzokideak, etxe berrien eraikuntzan afari soil baten truke gogoz parte hartzen zuteneko garaiak, edota bideak ardo eta gaztaren truke konpontzen zituztenak. Elkarbizitzak erakutsi zien, ematen zuen hark baino ez zuela jasoko eta guztiak izanen zutela jasotzeko beharra noiz edo noiz. Gizarte hura joan zen gure ondotik, haren aztarnak baino ez ditugu aurkitzen gure zaharren memorian.  Berreraiki beharreko herrikide eta auzokideen parte-hartzea dugu gaur helburu. Bakoitzak bere gaitasun eta abilezietatik aurrera, borondate onez eta ezer gutxi espero gabe, komunitatearen esku bere ekarpena  egiten dugunean berreskuratzen dugu auzokideen arima zahar hura. Indibidualismoak bakartasuna zabaldu du gure karriketako etxeetan. Norberak berea eta ahal bada bestearena. Guztiok dugu zer edo zer eskaintzeko, eta guztiok jasoko dugu gurea. Helburuak garrantzitsuak badira ere, oraindik garrantzitsuagoak dira bideak, herrikideen ekarpenek aberastuko baitute gure komunitatea.