Altsasun egin ziren zementu - fabriketan erraustearen aurkako plataformen Koordinakundearen IV. Jardunaldiek agerian utzi dute zein arriskutsua den jarduera hau, berdin dio "errausketa", "koinzinerazio" edo "energía balioztatze" deitzea. Medikuak osasunean izan ditzakeen ondorio arriskutsuez ohartarazi zigun, zientzialariak gizakiongan, animaliengan, bazkalekuetan eta uran Portlandeko tximinietatik barreiatuko diren kutsatzaileen ondorio lazgarriak aipatu zituen, 0Zabor-ekoek bilketa egoki batetik abiatuz sortzen diren alternatibak erakutsi zizkiguten. Esperientzia aberasgarriak denak, porlandegi guztietan arazo bera gertatzen ari dela erakusten dutenak, nahiz eta Valentziako Komunitatean edo Nafarroan bertan egoera nabarmen larriagotu den.Komunitate hauetan, administrazioak, hondakinak erretzeko bere planetan aurreikusten zituen energia balioztatze plantak (errauskailuak) eraikitzea baztertu ondoren, porlandegietara bideratzen ari dira jarduera hori. Valentziako Komunitatearen kasuan Hondakin Planean txertatu dituzte porlandegiak. Horrela Alacant-eko porlandegia 20.000 hondakin tona erretzeko baimena izatetik, gaur egun 200.000 tona erretzekoa lortzera pasa da.Hemen Nafarroako Gobernuak, bere Hondakin Planean aurreikusten zuen errauskailua baztertu eta Olaztiko FCC-ren porlandegiak plan horretan lortu nahi diren helburuetan (hondakin gehienak erre) tokirik baduela adierazi du. Eta horrela dagoeneko Portland-ek 36.000 tona hondakin erretzeko baimena eskatu du, Hiri Hondakin Solidoetatik (HHS) eratorritako azpiproduktuak batez ere.Arazoa oso larria da Sakana osorako, kontuan hartuz, gainera, Portland-en planak bere plantetan errausketa areagotzea eta langile gehiago kaleratzea aurreikusten duela.