Nafarroan editatzen diren euskarazko komunikabideak ez dira ohiko enpresa pribatuak. Irabazi asmorik gabeko fundazioak eta elkarteak sostengatzen duten herritarrak eta komertzioak daude haien atzean, eta horiekin batera lan handia eta kalitatezkoa egiten duten talde profesionalak. Horiek guztiak dira azken 20 urteetan euskarazko komunikabideak posible eta bideragarri egin dituztenak, ez beste inor.CIESen datuen arabera, zabaltzen diren eskualdetan komunikabide irakurri eta entzutetsuenak dira tokiko euskarazkoak, Nafarroan gaztelaniaz argitaratzen diren medioen gainetik. Beraz, nekez jarri daiteke zalantzan komunikabide hauen bideragarritasuna. Ezin dute gauza bera esan, azken urteetan Iruñerrian emititzen ibili diren eskualdeko hiru telebistak. Horiek bai jaso dute Nafarroako Gobernuaren diru laguntza, 3.000.000 euro urtean. Horiek bai ziren enpresa pribatuak. Horiei diru laguntza ematearen alde bai bozkatu zenuten.Euskarazko komunikabideok inoiz ez dugu komunikazioa lantzeagatik diru laguntzarik jaso. Dirua jaso dugun urteetan (240.000€ urterik onenean) komunikabideetan euskara sustatzeagatik izan da, euskararen legeak hala aginduta, eta betiere erdarazko medioekin konpartituta diru apur horiek, telebistek jaso duten kopuruetatik urrun. Komunikabideak oso tresna garrantzitsuak dira euskara sustatzeko, eta horretan garrantzi berezia dute euskara hutsezko komunikabideek. Horiek dira, bizitza euskaraz egiteko motibazio positiboa eragiten dutenak, horiek dira euskaldun izateko harrotasuna zabaltzen dutenak. Horiek dira herritarrak saretzen dituztenak. Izan ere, horiek dira modu duinean eta hurbiltasunetik eskualdez eskualde gertatzen den guztiaren berri euren herritarrei helarazten dietenak.Azken urteetan krisiaren aitzakiaz, euskararen alde lan egiten dugunon animoa hondatzeko eta gure lana oztopatzeko hainbat erabaki politiko hartu ditu Nafarroako Gobernuak. Horietako bat diru laguntzak desagertu araztea 2012an, lau urteko umilazioaren ostean: orain eman gutxi, orain kendu erdia, orain gutxiago, orain berandutu, orain deus ez. Egia da eragin dutela eta ez soilik alderdi ekonomikoan. Horren ondorioz paroa etorri da sektore honetara ere.Euskarazko Komunikabideek gaur egun 50 bat lanpostu dituzte sortuak, eta jakin badakigu haizea alde, lan postu horiek egonkortu eta handitzeko aukera izan badugula. Horretarako, ez dugu asko eskatzen: euskara sustatzeko diru laguntzak doitzea eta duintzea batetik eta gure medioetan publizitate instituzionala sartzea bestetik. Erdarazkoetan beste, ez dezagun ahaztu gureak direla entzunenak eta irakurrienak. Hori bera egiteko eskatu zioten Arartekoak eta Europako Batzordeko aditu taldeak, Nafarroako Gobernuari.Nafarroari beraz ez diogu ekarpen sozio- kulturala soilik egiten, ekarpen ekonomikoa ere egiten diogu gure zergak ordainduz eta hori errekonozitzeko eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari, ez besterik.Etor dadila ekarpen hori eta lasai Zarranz andrea, ikusiko duzu nola antolatzen garen lanpostu gehiago sortzeko, gure medioak modu eraginkorragoan kudeatzeko eta herritar gehiagorengana iristeko.Horren alde eragitea da euskararen alde egitea, kontrakoa ezAdeitasunez Amaia Zarranzen gutuna.