Musika taldeen artean badira talde apartak, kaskarrak, ezagunak oso, ezezezagunak erabat, badira talde alaiak, talde ilunak, Eztanda Irratian maiz entzuten ditugun taldean edo MTVkoen kuttunak. Iruñean azken urteotan musika-oholtza astintzen ari den talde berezi eta bitxia daukagu: Motxila 21. Down sindromea duten zenbait gaztek beren ahaide eta adiskide batzuekin osatzen dute taldea.Sindrome hau (21. kromosomak eraginda) duten pertsonek bizimodu ahalbait txukunen eta aberatsena izan dezaten aspaldi ari da lanean Nafarroako Down sindromearen elkartea eta gaitzaren gainean lehen zeuden aurreritzi eta ikusezintasunari aurre agiteko hamaika egitasmo eta proiektu gauzatu dituzte.Down gazteek musika talde bat osatu? Harriduraz eta sinesgor eginen genuke galde orain dela hamar urte. Bada, eta berriro ere ezina zirudiena ekinez egin eta lortu da eta horren ondorio Motxila 21 taldea dugu, Aintzane eta Ainhoa Lizarraga dorrobarrak partaide direla. Azken bi urte honetan kontzertu sorta ederra eskaini dute eta berriki Iñaki Alforjaren gidaritzapean lipdub aparta ondu dute. Mareako Kutxiren " No somos distintos" abestia kantatzen dute motxilakideek Nafarroako zenbait txokotan ( Dorraon besteak beste). Youtubeko bilatzailean " Lipdub que no es un lipdub" idatzi eta sorkari polit askoaz gozatuko da ikuslea. " Ez gara ezberdinak, ezta galtzeko labirinto bat. Bihotzetan maitatzeko arrazoiak bilatzen gabiltza.." Lipdub ezohikoa, ezberdina, ederra. Lipdub ez den lipduba. Bisita ezazu.