Guztiok behar ditugu laztanak eta ferekak, nahiz eta pertsona batzuek besteek baino gehiago behar izaten duten. Zer esanik ez jaioberritan eta haurtzaroan! Hau guztia probatzeko, Harlow izeneko psikologoak esperimentu bat egin zuen tximu txikiekin. Batetik, alanbrez egindako ama tximu artifizial bat eraiki zuen, non bere baitan esnea edan zezaketen tximu txikiek, eta bestetik, ehunez egindako ama tximu artifizial bat sortu zuen. Azkeneko honek ez zuen jatekorik ematen. Zein ondorio uste duzue atera zela esperimentuan? Zer nahiago zuten tximu txikiek, elikatzea edo goxotasuna? Esperimentu honen arabera, tximu txikiek ehunez egindako ama tximuarekin pasatzen zuten denbora gehiena, eta bakarrik gosea zutenean, elikatzeko asmoz pasatzen ziren ehunezko amaren segurtasunetik, alanbrez egindako amarengana. Batzuetan, ez ziren ehunezko amarenetik urruntzen ere eta makurtuz, beste amarenetik edaten zuten. Nahi izanez gero interneten daukazue ikusgai. Geroago esperimentu gehiago egin ziren eta ohartu ziren kumeek, kulunkatzen zituzten amak nahiago zituztela, kulunkatzen ez zituztenak baino.Hogeigarren mendearen hasieran (1920.urte aldera), umezurtz-etxeetan kontaktu fisikorik gabe hazitako umeei egindako beste ikerketa batean, ondorioztatu zutena honakoa izan zen: ume hauek ez zuten garapen egoki bat izan koskortzean, estresaren hormonaren maila (kortisola) handiagoa zen, eta urtebete baino gutxiago eta kontaktu fisiko gabe hazitako umeen hilkortasun tasa oso handia zen. Ikerketa hauek, haur jaioberrientzat kontaktu fisikoa zein garrantzitsua den ohartzeko balio izan zuten , eta nahi soil bat baino, umeen biziraupenerako behar bat dela frogatu zen. Baina kontaktu fisikoa ume jaioberrietan ezinbestekoa bada, zer esanik ez umeen eta helduen kasuan. Ahaztu egiten zaigu helduek ere ferekak eta muxuak behar ditugula eta zein garrantzitsua den alderdi hau zaintzea. Batzuk bikotekideengandik jasotzen dituzte ferekak, beste batzuk lagunengandik, besteek familiarengandik…eta beste batzuk ez dute inorengandik ezer ere jasotzen. Beraz, maitasun hori jasotzeko eta emateko zortea duzuen horiek, aprobetxa ezazue ahalik eta gehien.