Ekonomia krisia itotzailean murgildurik gaude, jubilatu eta pentsionistak ere bete betean harrapatu gaitu. Miseriazko pentsioa jasotzen du gehiengoak, halaz ere, murrizketaren mehatxua dugu gainean. Familiaren euskarri bihurtu gara kasu askotan: etxeko ia diru-sarrera bakarra gara. Ahulenen bizkar konpondu nahi da krisia. Baina herri xehea ez da krisi honen erantzule, kapitalismo hau, bere gobernu banku eta espekulatzaileak baizik. Eta ez gaude murrizketa andana hau pairatzeko prest, ezta gure geroa zerbitzu pribatuen eskuetan uzteko ere. Nagusion oraina gure seme-alaben eta biloben etorkizuna da, ez ditugu langabezian eta miserian utzi nahi. Ahulak gara, baina asko gara, eta horrek ematen digu nolabaiteko indarra. Duintasunez bizitzeko eskubidea dugu, solidarioak gara eta gure ahal apurraz lagundu nahi dugu.Pentsio duin-eguneratuak, osasungintza doakoa, publikoa, denentzakoa, kopagorik ez, helduentzako eta gaixo kronikoentzako arreta espezializatua osasun etxeetan, eta beste hainbat aldarrikapen ditugu: honetaz guztiaz hitz egiteko elkartzen gara jubilatu talde bat. Hau guztia salatzeko eta exijitzeko kalera ateratzen gara. Hainbat kontzentrazio egin dugu. Sinadura bilketa zabal bat ere egin dugu jubilatu eta pentsiodunen artean. Pentsaera ezberdineko 6 jubilatu elkartetik gora bildu ohi gara Nafarroan. Zoritxarrez, zenbait jubilatuen elkartek ez dute hitz egin ere nahi izan honetaz, isilik eta geldik eutsiko diogulakoan dugun apurrari. Ahulak gara, baina indarra dugu. Duintasuna dugu eta solidarioak gara. Elkar gaitezen.Â