Sakanako Mankomunitateko Batzarrak hondakinen kudeaketarako atez ateko bilketa eta konpostatzea indartzeko prozesua abiaraztea erabaki zuen. Ezin baita orain arte bezala segitu. Gaia jendartera ailegatu orduko alde bateko eta besteko iritziak hasi ziren dantzan. Beste aldetik, Altsasuko Udalak erabaki du hiru hilabeteko tartean herri kontsulta egitea atez atekoaren gainean.Mankomunitatean, Bilduren ordezkariak gehiengo; Altsasun, berriz, gutxiengo. Sakanako bi erakunde garrantzitsu talka egiten, eta afera garrantzitsu bat tarteko. Oraingoz bi bando: batean elkartu dira PSN, PP, UPN, IU eta NABAI, eta bestean lerrokatu da Bildu. Bakoitza hasi da bere kartak agertzen. Denak aldrebestuta, tradizioz herri kontsultak proposatu izan dituztenak mutu, eta orain arteko gatazketan mutu egon izan direnak kuku.Gipuzkoatik nahiko kutsatuta datorkigu gaia: han, batzuek atez atekoa, 5 edukiontzi besteek. Eraginkortasuna, estetika, zikinkeria, xahuketa, ardura eta erosotasuna, nahierara erabiltzeko bidea ematen duten hitz jostalariak. Sakanan, berriz, herritarren artean landu gabe dago oraindik gaia.Hala ere, iritzi guztiak mahai gainean paratuta, egia absolutuak eta erdia ustela duten usteak alde batera utzita, benetako lan pedagogikoa eginez, parte-hartzailea, zentzuz eta zuhurtasunez, komeni izanen da erabaki zabal eta sendoak hartzea, jakituriaz hornituak, sortzen dugun zaborra ez baita nolanahikoa. aingerumi@gmail.com