Altsasun hondakin bilketa eredu bat edo beste aukeratzearen inguruan herritarren iritzia jasotzeko herri-galdeketa egitea benetan garrantzitsua dela uste dugu, batez ere eredu desberdinak alderatu eta bakoitzaren abantaila eta eragozpenak ezagutzeko aukera eskainiko duelako. 3Mugak Batera plataformak urteak daramatza porlandegiko labeetan bukatzen den hondakin kudeaketa ereduaren inposizioaren aurka lanean, besteak beste, gizakion osasunerako eta ingurumenerako askoz ere errespetutsuagoak diren ereduak badirelako, eta gainera lanpostuak sortuko lituzketenak. Eta ez da oso urrutira begiratu behar hori horrela dela ikusteko. Aldamenean dugun Araban bertan, bere Hondakin Kuteaketarako Planean, tratamendu termikoa (errausketa/balorizazioa) baztertu egiten da eta hiri-hondakinen gaikako bereizketa eta hartzidura anaerobikoa edo biometanizazioa eta hartzidura aerobikoa edo konpostajea konbinatzen dituen konponbide baten alde egiten da, prozesu hauetatik geratzen den zati inerte oso txikia hondakindegira bideratuz.Bestalde, Murillo el Fruton martxan jarri nahi den erabilitako pneumatikoak birziklatzeko planta bezalako ekimenek, argi uzten dute Olaztin erre nahi diren hainbat hondakinek beste irtenbide bat badutela. Gainera lanpostuak sortzeko balio dute, eta ez Portland-en planak aurrikusten duen bezala desagerrarazteko.Interes politiko eta ekonomiko ugari daude tartean, beste eskualde batzuetan baztertua izan dena hemen derrigorrez inposatzeko, herritarrei iritzia eskatu gabe eta guregandik hurbil hain ongi funtzionatzen duten beste eredu batzuen inguruko eztabaidarik plazaratu gabe