Gabonak ate jokan

Eduardo Galan 2012ko abe. 14a, 00:00

10 egun bakarrik falta dira eta, jadanik, urduritasuna nabari da giroan. Hau da stresa! Pipa hortzetan duela, opari lista bere mahoizko praka zaharreko poltsikotik atera eta hasi da tatxatzen, cagüensos!. konturatzen da oraindik ez dizkietela eskatutako joku, tramankulu, galtzerdi, galtzontzilo eta beste mila gauza ekarri. Bihar goizean, SEUR-etik pasatuko da bezeroentzako arreta sekziotik kexa jartzera. Ez du INEMeko kolara joan nahi, gauzak ez daude lanean hutsegiteko moduan eta kalera botatzen zaituzte azkar. Beste aldetik, merkatua oso konpetitiboa da, Errege Magoak eta Santa Klaus oso langile finak dira eta enpresa deslokalizazio delakoarekin edozein tokira joan daitezke horiek lan egitera. Ez, INEMik ez, eskerrik asko.Gainera, Mari Domingik izugarrizko haserrea dauka berarekin. Ez du urte osoan errejimenik egin eta, bota duen sabelarekin, ezingo da tximinietako zulotik etxeetara sartu. Iltzetik txapela hartu eta bizarra xahutu ondoren, astoa bila joan da ikuilura, entrenamendua behar dute biok. Urte osoa daramate ezer egin gabe, alfer madarikatuak! gogor ekin beharko diote falta diren egun gutxi hauetan forman jartzeko. Normalean, urtea bukatzerakoan, bikini operazioa egiten du kilo dexente galtzeko eta gabonetako lanari ekiteko baina, aurten, txorizo, gazta eta odolkiz guapo jarri da udazken bukaeran. Azken batean, gelditzen zaion bizio bakarra hori da, zeren Mari Domingik ez dio kasu handirik egiten eta gauetan ez dago harrumakorik. Mari Domingirekin zerbait egin beharko duela hitz eman egiten dio bere buruari, bidaiaren bat Saloura? Bestela, dibortzioa eskatuko du emakumeak. Ai ene! Hau stresa! Eguberria ate jokan dago, beraz, erabakia hartuta, lanera eta gabonen ondoren Saloura Mari Domingirekin.Eguberri eta urteberrion guztioi.Kexak, iritziak, iradokizunak: dudugalan@hotmail.com