Urtea hastearekin batera, gure asmo on guztiak ateratzen ditugu armairu zokotik. Tabakoa uztea, kirola egitea, hizkuntzak ikastea etab. izaten dira ohikoenak. Hortaz jabetuta, EHE-ko kideok urte berrirako gogoeta egitea proposatzen dizuegu. "Zer hobetu dezaket euskararekiko?" Baten batek pentsatuko du "lagun artean hitz egiten dudana baino gehiago egin dezaket euskaraz". Beste batek agian, "dendetara sartzean lehen hitza euskaraz egingo dut beti". Helburu polita izan daiteke, baita ere, Guaixeko harpide egin eta euskarari bultzadatxoa ematea, zergatik ez!Gogoetarekin jarraituz, euskararekiko ditugun ohitura txarrak identifikatzen saia gaitezke. Adibidez, "txisteak egiterakoan ez nuke hainbeste gaztelera erabili beharko". Edo, "halako lagunek euskaraz jakin arren, erdaraz hitz egiten diot askotan". Ohitura txar horiek sutara botatzeko garaia dugu!Etxarriko bi ikastetxeetan dagoeneko gogoeta hori egin dute. Ohitura txarrak idatzi dituzte sutan erretzeko, alde batetik. Eta bestetik, beraien asmo onak jendaurrean jarri dituzte hauek konpromiso bihurtuz.Ilbeltzaren 4ean, ostirala, Etxarriko plazan edonork aukera izango du konpromisoak hartu eta ohitura txarrak suari emateko. Gainera, gure ohitura txarrekin egindako su horretan, gaztain eder batzuk ere erreko ditugu gure konpromisoak sendotze aldera.Guk, herritar guztiei zabaltzen diegu "Urte Berri, Asmo Berri" deitu diogun gogoeta-ekimen hau, baina ez litzateke ederra administrazioek ere halakoren bat egitea? Herritarretatik hasi, Udaletan jarraitu eta Gobernuraino, urte berriarekin egin dezagun pauso txiki bana euskararen alde!